ENBA Gipuzkoak ingurumena eta herriak zaintzen dituen nekazaritza familiarra defendatu du
Iñaki Goenagak, Gipuzkoako Euskal Nekazarien Batasuna (ENBA) sindikatuaren presidenteak, «ingurumena zaindu eta herriak bizirik mantentzen dituen» nekazaritza familiarraren alde egin du gaur sindikatuak burututako Batzar Orokorrean.
Gipuzkoako Euskal Nekazarien Batasuna (ENBA) sindikatuak bere XXVIII. Batzar Orokorra egin du Urnietako Salesianos zentroan igande honetan. Ekitaldian Bittor Oroz Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Imanol Gipuzkoako Foru Aldundiko Lasa Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak eta Mikel Pagola Urnietako alkateak parte hartu dute.
Antolakundearen eta Enaro kooperatibaren kontuak onartu ondoren, Iñaki Goenagak, ENBAko presidenteak hartu du hitza. Goenagak nekazaritza familiarra euskal ekoizpenarentzako eta euskal gizartearentzako «onena» dela adierazi du.
Sindikatuko presidenteak defendatu duenez, nekazaritza mota hau «kalitatezko elikagaiez eta zuraz hornitzen jarraitu nahi duen gizartearentzako berme hoberena da». Eta era berean, «ingurumen eta landa-sare bizi bat mantentzen duela» adierazi du.
Ildo horretatik, baserritarren eta abereen ingurumenarekiko eginkizuna goraipatu du, eta «landa ekoizleen bizimodu eta lan duina ahalbidetuko dituzten azpiegituraz betetako mendi publikoen beharra» aldarrikatu du.
Aurreko urteko kontuei dagokienez, Goenagak Gipuzkoan urte «oso aldakorra» izan zela adierazi du. Laborantzaren ekoizpen finalak %9a gora egin arren, abeltzaintza egonkor mantendu zen.
Asanblada amaitu eta gero, Nikolas Segurola fraide frantziskotarrak jaso du ENBAren Baserritarron Laguna saria. Honen helburu nagusia, nekazal sektoretik kanpo, beraien ohiko lanaren bitartez, nahita edo inkonstzienteki bada ere, nekazaritza, baserritarren zeregina eta baserri munduaren defentsan lan egiten dutenak saritzea da.