Euskal langileria, biharko greba orokorrerako prest
Eskubide Sozialen Kartak biharko deitutako greba orokorrak lantokiak husteko helburua du, eta horrekin batera, Euskal Herrian zehar gauzatzen ari diren borroka ezberdinen isla izan nahi du. Atzo greba eguna berotu zuten hainbat ekintza eta atxikimendurekin.
Goitik beherako eskema irauli eta erasora pasatzeko greba orokorrera deitu zuen atzo Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Iruñeko Katakraken egin zuten prentsaurrekoan, aldarrikapen taulan bildu zituen eskaera nagusiak berretsi zituen: aberastasuna modu justuan banatzea, pentsioen sistema publikoa defendatzea eta eskubide sozialak bermatzea.
Nafarroari begira, gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzea Nafarroako Exekutiboaren esku dagoela adierazi zuten. Lanaldia 35 ordura murriztea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea eta soldata arrakala kentzea, besteak beste, Administrazioan Nafarroako Gobernuaren eskumena dela azaldu zuten ere, «non behin-behinekotasuna %40koa den».
Bestalde, biharko greba orokorra «oso arrakastatsua» izango dela azpimarratu zuten antolatzaileek. Dagoeneko batzarretan parte hartzea erabaki duten milaka langileen eta EAE eta Nafarroako 1.500 enpresa batzordeen babesa jasotzeaz gain, atzo Ezkerraldeko 67 enpresa batzordek atxikimendua adierazi zioten grebari. «Mobilizaziorako arrazoiak soberan ditugu», defendatu zuten Sestaoko Kasko plazan, Langileen Monumentuaren aurrean, eta lanuztera deitu zituzten herritarrak.
Bezperan, greba orokorra berotzeko marko horretan, hainbat ekintza egin zituzten atzo Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek. Bi zutabe abiatu zituen LAB sindikatuak Irun eta Hendaiatik, eta Santiago zubian bat egin zuten, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Hala, Gobernu espainol zein frantsesak pentsioen aurka sustatutako politikak salatu eta euskal pentsio sistema publiko bat aldarrikatu zuten Euskal Herri osorako.
ELA-Ertzaintzako ordezkari sindikalek, halaber, elkarretaratzea egin zuten Bilboko Lakuako egoitzaren aurrean, grebari erabateko babesa adierazteko.
Babes nazionalei Estatu espainoleko sindikalista eta langileena gehitu behar zaie, atzo manifestu bat sinatu baitzuten Euskal Herrian deitutako greba orokorraren alde. Galizian, Aragoin, Valentzian, Andaluzian, Madrilen, Katalunian, Asturiasen eta Extremaduran mobilizazioak deitu dituzte.
101 mobilizazio
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 101 mobilizazio iragarri ditu. Iruñean, 11.00etan abiatuko dira zutabeak (Sanduzelai, Berriozar, Txantrea, Arrotxapea, Atarrabia, Unibertsitatea eta Barañain), 12.00etako manifestazio orokorrean batzeko. Donostian, 11.45ean Gros, Amara eta Antiguatik ateratako zutabeak 12.30ean Artzain Onean elkartuko dira. Gasteizen, 12.00etan aterako da mobilizazio orokorra Ariza Bilbo plazatik; Tuteran, Foruen plazatik; Tafallan, Nafarroako plazan izango da manifestazioa; eta Eibarren, Unzaga plazan, 12.30ean.
Zabalburu, Deustu, Jesusen Bihotza eta Errekalde Zumarkaleko zutabeak 11.45ean aterako dira, gero Bilboko plaza eliptikoan batuz, 12.30ean. Izan ere, pentsiodunak izango dira buruan Bilbon egingo den manifestazioan. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua «ez dagoela hautsita» nabarmendu zuten atzo Bilbon eta erabaki guztiak bozketaz hartu izan direla. Izan ere, greba egitea %77,8k onartu zuten. Bestalde, kazeroladak deitu zituzten gaurko, 21.00etatik 21.15era.
Hain zuzen ere, pentsiodunen mugimenduaren irmotasuna izan da militantzia sozialaren motorra eta, Eskubide Sozialen Kartak nabarmendu zuenez, «protagonismo berezia» izango du greba egunean, eta zutabe propioak izango dituzte. «Borroka ideologikoa» eta «ekimen baketsuak» erabiliko direla ere iragarri zuten. Arratsaldean, herrietara zabalduko dira protestak, eta lau hiriburuetan errepikatuko dira. Mobilizazioen zerrenda eskuragarri dago, PDF formatuan, NAIZen.
Confebask tilda la huelga general de «irresponsable e injustificada»
En una entrevista concedida a Onda Vasca, el presidente de Confebask, Eduardo Zubiaurre, señaló que plantear una huelga general en la CAV «en las condiciones socioeconómicas que se viven, con los salarios mínimos más elevados del Estado, con las pensiones más altas, niveles récord de afiliación a la Seguridad Social, de contratación indefinida, con las políticas sociales tan desarrolladas... es totalmente incomprensible, injustificada y un acto bastante irresponsable».
En su opinión, el contexto general que se vive «no es, ni de lejos, de la gravedad y alarma social que intentan extender los convocantes de esta huelga». En este sentido, señaló que los problemas que denuncian los convocantes que integran la Carta de Derechos Sociales de Euskal Herria «son complejos, exigen de diálogo, negociación y acuerdos», pero remarcó que muchos de ellos «tienen competencias en ámbitos administrativos superiores al de Euskadi».I.A.
Hendaia eta Baiona artean «borroken maratoia» eginen dute gaur greban diren tren langileen elkartasun kutxa hornitzeko xedez
Joan zen ostiralean Ministroen Kontseiluaren oniritzia jaso zuen erretreten lege egitasmoak bere bidea eginen du ondoko aste eta hilabeteetan Frantziako Legebiltzarrean.
Asanblea Nazionalean osaturiko batzorde bereziak bere lanari ekin zion bart eta gaur egunean zehar eragile sozialekin hainbat bilera eginen ditu.
Emmanuel Macronen Gobernuak prozedura azkarra ezarri nahi du, hala ika-mika handia eragin duen proposamenari buruzko tramitazio denbora mugatzeko. Hain zuzen ere, oposizioak Gobernuak eztabaida demokratikoa saihestu nahi duela salatu du, eta Kontseilu Konstituzionalak berak lege egitasmoaren hainbat pasarte auzian eman dituela oroitarazi du.
Nolanahi ere, Macronen alderdiak, LREMk, egutegiari eutsi nahi dio, eta dagoeneko heldu den martxoaren 3ko data finkatu du Asanblea Nazionalak lege egitasmoari buruzko lehenengo bozketa egin dezan.
Anartean, sindikatuek zortzigarren mobilizazio eguna deitu dute gaurko. Iragan ostiralean iragarri zuten, Gobernuak lege proposamenari argi berde eman zion egun berean. Izan ere, mugimenduan hainbat urradura sortu dira. Hala, intersindikaleko kide batek, CFE-CGC sindikatuak, etenaldi bat eskatu ondoren, ez du gaurko protestan parte hartuko. Aldiz, abenduaren 5ean hasi zen borrokari segida emanez maratoi moduko bat antolatu dute Lapurdiko tren langileek. Martxa Hendaiako tren geltokitik abiatuko da 12.10ean eta, 42 kilometro egin ondoren, 17.44an heltzekoa da Baionako tren geltokira. Kilometro bakoitzean «borroka ezberdinen artean lekuko txandakatze bat» irudikatuko dute grebalarien elkartasun kutxa hornitzeko helburua duen ekimen horren bidez. M. UBIRIA