Garbiñe Aranburu: «Pilota gobernuen eta patronalaren teilatuan dago»
«Nekatuta», baina «pozik» hitz egin du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak grebaren biharamunean NAIZ Irratian. Mobilizazioaren indarra «gutxiesteko saiakerak» salatu ditu eta deitzaileak «indarberrituta» atera direla nabarmendu du, «pilota orain gobernuen eta patronalaren teilatuan dago», bere esanetan.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Eskubideen Kartak atzo deitu zuen greba orokorra arrakastatsua izan zela uste du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta honen eragina «gutxiesteko saiakerak» salatu ditu NAIZ Irratian, mobilizazioaren biharamunean.
Lehen hitzak poliziaren «neurrigabeko» esku hartzea salatzeko baliatu ditu, iluntzean Iruñeko La Morean izandakoak azpimarratuz, Guardia Zibilak bederatzi lagun atxilotu zituen.
Jarraipenaren inguruan instituzioek emandako «datu saltsa» ere grebari balioa kantzeko ahalegina dela uste du Aranburuk, mobilizazio jendetsuak jarraipen zabalaren adierazle ezarri ditu, «argazkiek hitz batzuk baino gehiago balio dute eta mobilizazio jendetsu horiek argi uzten dute grebak lantokietan inzidentzia handia izan zuela».
ELA eta LABek atzoko hitz hartzeetan bi hilabeteko epea eman zieten Gasteiz eta Iruñeko gobernuei eta patronalari euren eskakizunei erantzun bat emateko, Aranburuk nabarmendu du orain arte «gutxietsi» egin dituztela euren proposamenak. Ez du aurreratu nolakoa izango den atzo iragarri zuten «udaberri gorria», hori «gobernuen eta patronalaren erantzunaren araberakoa» izango dela aurreratu du, «ikusiko dugu jarrera oldarkorrarekin jarraitzen duten ala bestelako erantzunik ematen duten».
Greba mugarri
Aranbururen ustez «mugarri berri bat» ezarriko du atzoko grebak, besteak beste «deitzaileei dagokionez greba berritzailea» izan delako eta baita «aldarrikapenei dagokionez ere; lan, pentsio eta bizi duinak aldarrikatzeko greba bat izan da». Azken urteetan «herri honetan egon den aktibazio sozial maila handiak sortu ditu baldintzak grebara iristeko», LABeko idazkari nagusiaren ustez, eta «etorkizunera begira berritasun horrek oinarri sendo bat utzi du».