INFO

Sendotasunaren bidetik, lehen helburua lotu dute Ezkurdia-Martijak (22-16)

Zazpigaren puntua lortuta play offa ziurtatu dute Ezkurdiak eta Martijak eta bigarren posturako borrokan indartuta atera dira Zallatik.

Julen Martijak beste partida oso sendo bat jokatu du. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ezkurdia eta Martijak txapelketarako jarria zuten lehen helburua bete dute eta gutxienez play-offa ziurtatuta dutela esan daiteke, Zallan Victor eta Mariezkurrena II.ari 22-16 irabazita, zazpigarren puntua batu eta bigarren postuan sendotu baitira. Gaurkoa ez da, agian, euren partidarik distiratsuena izan, baina, erakutsitako sendotasunak, batez ere Martijak, garaipen oso garrantzitsua eman die Aspeko nafarrei.

Bengoetxea VI.aren ordez aritu den Victorrek eta Marizekurrenak, aldiz, partidarik irabazi ezinda jarraitzen dute eta une onak izan dituzten arren, elkarren artean galdutako 14 pilotek, 8 aurrelariak eta 6 atzelariak, ezinezkoa egin dute euren garaipena.

Txanponaren beste aldean, Julen Martijak pilota bakarra bota du eta kolpez arerioa baina gutxiago izan arren, hortxe egon da partidaren giltza, Baikoko atzelariaren ezkerra ondo bilatu baitu.

Gainera, Berriozarreko atzelariak behera egin du partida amaieran eta hor joan zaizkie irabazteko aukera asko.

Aurrean, Ezkurdiak ez du bere egunik onena izan, bost pilota galdu ditu, baina azkenerako Victorren zenbakiak hobetzea lortu du.

Huts askotxo izan diren arren, partida luze eta gogor xamarra izan da azkenerako. Hasieran ez da alde handirik izan, baina urdinena izan da markagailuaren ekimena, hori bai, zulo handirik egin gabe.

Partida erditik aurrera, ordea, Aspekoek lehiaren agintea euren esku jarri dute. Norgehiagokak izan du, ordea inflexio puntu garbi bat, izan ere, lehia 17-16 zela, Victorrek gantxo argi bat huts egin du, eta berdinketa izan zitekeenetik, gorriak zuzenean joan dira garaipenera (22-16).

Ezkurdia-Martija: 22

Victor-Mariezkurrena: 16

Pilotakadak: 607

Iraupena: 70,25

Markagailua: 1-0, 1-2, 3-2, 3-4, 4-5, 4-6,5-7, 7-8, 8-8, 9-9, 12-9, 12-10, 13-11, 14-12, 15-13, 15-14, 16-14, 17-15, 17-16, 22-16.

Tantoak: 8 Ezkurdiak, 0 Martijak, 7 Victorrek eta 3 Mariezkurrenak.

Hutsak: 5 Ezkurdiak, 1 Martijak, 8 Victorrek eta 6 Mariezkurrenak.