INFO

Orduak bueltaka zeraman hegazkinak arazorik gabe lur hartu du Madrilgo Barajas aireportuan

Air Canadako hegazkinak orduak zeramatzan Madrilgo Barajas aireportutik hurbil, airetik hegan, eta azkenean 19.07an lur hartu du, gorabehera handirik gabe. Bestalde, dron batek arazo ugari sortu ditu Barajaseko airezko trafikoan.

Azkenean, arazorik gabe lurreratu da Air Canadako hegazkina. (Javier SORIANO/AFP)

Madrilgo Barajas aireportuan egun korapilatsua izan da astelehenekoa. Goizean, aireko espazioa itxi da bi orduz, airean dron bat zebilela-eta. Arratsaldean, berriz, aireportuak bere ahalmenaren %80an lan egin du, Air Canadako hegazkinaren arazo teknikoen ondorioz. Hegazkinaren ezkerreko motorra matxuratu egin da soldatutako lurreratze-trenaren pieza batzuk xurgatzean. Ondorioz, orduak eman ditu lurreratzeko zain.

Enaire-tik jakinarazi dute lurreratzea ondo egin dela, eta hegazkinak lurra ukitzean ez duela arazorik izan.

Boeing 767-300 hegazkina Madrilgo hiriburutik Torontotorantz (Kanada) abiatu da 14.33an, eta arazo teknikoak antzeman ondoren, Barajasera itzuli behar izan du, dagokion protokoloak agintzen duen bezala.

Aireko Lineetako Pilotuen Espainiako Sindikatuaren arabera (Sepla), lurreratze-treneko piezak galdu ditu aparatuak, eta ezkerreko motorrean sartu dira; beraz, hiru ordu inguru eman behar izan ditu erregaia erretzen, lurreratu aurretik.

Dronea

Bestalde, goizean, bi pilotuk droneak ikusi dituztenean, eguerdiko ordu batean gelditu egin da aireportuko zirkulazioa. Droneak erabiltzea debekatuta dago aireportuko eremu batetik 8 kilometro baino gutxiagora, eta, ondorioz, bi orduz itxi eta 26 hegaldi desbideratu behar izan dira.

Gutxienez dron bat zegoela ikusi ondoren, Enaire aire-trafikoaren kudeatzaileak hegazkinak beste aireportu batzuetara desbideratzea erabaki du —batez ere Valentziara, Bartzelonara, Alacant-Elxera, Valladolidera eta Zaragozara—, baita aireratzeak geldiaraztea ere, nahiz eta pista bat aktibatu den erregai gutxiko hegazkinak lurreratzeko.