INFO

«Ingurumen hondamenditzat» jo du Equo-Berdeak alderdiak Zaldibarko zabortegiaren erorketa

Equo Berdeak taldeak ingurumen eta giza hondamenditzat jo du Zaldibarko Verter Recycling enpresaren zabortegia erortzea. «Konponbide zaila eta kostu milioiduna» izango duela nabarmendu du, dagoeneko bi langile desagertu eta AP-8 autopistaren mozketa eragin duela erantsiz.

Zaldibarko lubiziak AP-8 autopista moztu zuen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Equo Berdeak kezkatuta dago desagertutako bi langileen bizitzekin, erreskate lanak arrakastaz amaitzea nahi du eta «giza hondamenditzat» jotzen du Euskal Herrian lanpostuan bizia galtzeko arriskua egotea.

Gainera, alderdi ekologistaren arabera, zabortegiaren tamaina handia ikusita (200 metro baino gehiagoko luzera eta 100 metroko altuera duen aurrez aurreko ezponda), horrelako erorketa batek milaka tona hondakin irristatzea eragin du, eta horrek «milioietako kostua» ekarriko du. Hau, ziurrenik, erakunde publikoek ordaindu beharko dute, gutxienez AP-8 autobidearen inguruetara iritsi diren hondakinei dagokienez.

Ildo horretan, Equo Berdeak kezkatuta dago hondakinen artean «material arriskutsuak» egon daitezkeelako, eta euriak edo haizeak inguruari eta inguruko herriei toxikotasuna askatzeko arriskua dagoelako. Equo Berdeak-en ustez, «ulertezina da tokiraino joandako langileak, osasun-langileak, suhiltzaileak, ertzainak, inolako babes-neurririk gabe lanean aritu izana, eta uste du Segurtasun Sailak azalpenak eman beharko lituzkeela aurreikuspen eta arreta falta ageri-ageriko horri buruz». 

Gogoratu duenez, amiantoa topatu dute eta horrek aldi baterako geldiarazi behar izan ditu desagertutako bi langileen erreskate lanak, material hori arnastu ez dadin.