Beste 60 lagun erreskatatu ditu Aita Marik Mediterraneoan
Aita Mari ontziak beste 60 lagun erreskatatu ditu gaur eguerdian Mediterraneo itsasoan, nazioarteko uretan. Egurrezko txalupa batean zihoazen, jitoan. Atzo beste 93 pertsona jaso zituzten, beraz guztira 153 lagun daude orain euskal itsasontzian.
Aita Mari itsasontziak beste erreskate bat burutu du Mediterraneoan, Itsas Salbamendu Humanitarioak (ISH) ohar batean eta sare sozialen bidez jakinarazi duenez. Erreskatea nazioarteko uretan izan da, eguerdian; egurrezko txalupa batean jitoan zihoazen 60 pertsona jaso dituzte. Arratsalderako inguru horretan itsasoak okerrera egingo duela iragarri dute.
#AitaMari erreskatea:
— maydayterraneo (@maydayterraneo) February 10, 2020
60 pertsona mediterraneoan bilatuak eta lagunduak izan dira
Orain salbu daude Aita Marin
Europak egin nahi ez duena egin, defendatu bizia itsasoan, egin dohaitza.https://t.co/j1jyy4YaYZ
@pablogsacristan pic.twitter.com/rBFAH00YYb
Erreskatatutako migratzaileak Aita Marin daude, atzo jaso zituzten beste 93ekin; guztira 153 lagun daude ontzian, eta lehorreratzeko portu seguru baten zain daude, aipatu Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) azaldu duenez.
Igandean jaso zituzten pertsonen artean 37 adin txikiko –horietako hamahiru 12 urtetik beherakoak– eta hiru emakume haurdun daude.
ISHren arabera, gertuen dauden portu seguruenak italiarrak eta Maltakoak dira, eta Libia ez da toki segurua, Europako Batasuneko eledun Mina Andreevak berak adierazi zuenez.
Erakunde horrek gogora ekarri duenez, iaz 1.885 pertsona hil ziren Mediterraneoan, beren herrialdeetatik ihesi zihoazela. Itsaso hori migratzaileentzat «munduko mugarik okerrena» dela salatu du.