INFO

Iparra-Hegoa eguna antolatu dute Bernat Etxepareko ikasleek Larresoron otsailaren 15ean

Iparra-Hegoa ekimenaren baitan, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle eta ikasle ohiek egun osoko egitaraua antolatu dute otsailaren 15erako Larresoron. 2017. urtean hasi zituzten harremanak sendotzeko eta ikasleek hirugarren aldiz Goierrira egingo duten irteera finantzatzeko balioko du ekimenak.

Iparra-Hegoa ekimeneko antolatzaileak. (Guillaume FAUVEAU)

Aurten 25 urte egingo ditu Iparra-Hegoa kultur asteak, beraz aspaldikoa da Bidasoaren bi aldeetako elkarte eta biztanleak batzen dituen ekimena. Hasiera batean, Segurako Elorri elkarteko kideak eta Urruña inguruko jendea elkartzen zen Seguran, baina pixkanaka beste eskualdeetako jendearekin ere zubiak eraikitzen hasi ziren eta gaur egun harreman sarea Euskal Herri osora hedatzen da.

Baionako Bernat Etxepare lizeo berria ekipatzeko diru bilketa kanpaina bat jarri zuten martxan ikasleek eta gurasoek 2017. urtean, eta sagarrondoen salmenta antolatu zuten dirua eskuratzeko. Salmenta sarea Gipuzkoako zenbait herritara hedatu zuten, eta guraso batzuek Iparra-Hegoa ekimenean parte hartzen zutenez, Seguran ere izan ziren sagarrondoak saltzen.

Urte bat geroago Etxepare Lizeoko ikasleek Iparra-Hegoa jardunaldian parte hartu zuten eta ikuskizun berezi bat ere eskaini zuten bertan. Irteera hura antolatu zuten ikasle, irakasle eta begiraleak zinez gustura itzuli ziren Baionara eta iaz ere irtenaldia errepikatu zuten.

Pello Aranzabal, Bernat Etxepare Lizeoko hezitzailearen iritziz, Segurako kultur astean parte hartzeaz harago, Iparra-Hegoa ekimenak «auzolanean ikasi eta eraikitzeko aukera eskaintzen du». Bere esanetan, «lehen irteera zinez ongi atera zen eta ikasleek errepikatu nahi zuten, baina ez dugu soilik besta egiten, Goierriko kooperatibak bisitatu eta Lazkaoko artxibategian ere izan ginen, eta ikasleek esperientzia hari esker asko ikasi zuten».

Baigorritik Larresorora

Iaz lehen aldiz besta egun bat antolatu zuen Iparra-Hegoa elkarteak Baigorrin eta aurten gauza bera egin zezaketela pentsatu zuten Bernat Etxepare Lizeoko ikasle eta ikasle ohiek. Larresoro hautatu dute Seguran egiten den ekimenaren antzekoa antolatzeko, eta Gipuzkoara joaten direnean lapurtarrek ekarpen bat egiten duten modu berean, Larresorora gerturatuko diren Segurako gazteei  ere kantu bazkarirako bertsolariak eta musikariak ekartzeko eskatu diete.

Belaunaldi desberdinetako jendea ari da antolaketa lanetan, horegatik adin gutzietako jendea espero dute Larresoron antolatzaileek. Gainera, Segurako herritarrak bakarrik ez, Leaburuko jendea ere izango da otsailaren 15ean Larresoron, izan ere, bi udalerriak duela 25 urte adiskidetu ziren eta orduan eraikitako harremanak oraindik bizirik dirau. 

Larresorotik Gegurara

Martxoaren 23 eta 29 bitartean Seguran izango den Iparra-Hegoa kultur asteak, beraz, beste aurre ekitaldi bat izango du aurtengoan Larresoron, eta ez nola nahikoa, sekulako egitaraua antolatu baitute Etxepare Lizeoko kideek zein ekimenarekin bat egin duten inguruko herrietako parte hartzaileek.

Goizeko hamaiketan hasiko dira animazioak eta haur jokoak. Arratsaldeko 14.30ean bazkari herrikoia izango da Aldaburua ostatuan eta arratsaldeko 17.00etatik aurrera bertso-pilota desafioa izango da trinketean. Eta gauean, kontzertuak eskainiko dituzte Andoni Ollokiegi, Aizkolariak, Xabaltx eta QQ Bird taldeek.