INFO

Aske dira Arantza Zulueta eta Jon Enparantza, irailean ezarritako zigorra agorturik

Arantza Zulueta eta Jon Enparantza aske gelditu dira Valentzian eta Madril aldean, Auzitegi Nazionalak 47 euskal hiritarren aurkako auzian irailean ezarritako zigorra bete ondoren. Ia bost hilabete eman dituzte espetxeraturik, azkeneko lauak etxetik urrutiratuta.

Arantza Zulueta, aske gelditu ostean. (Etxerat Twitter)

Irailean Auzitegi Nazionalak ezarri zion zigorra guztiz agorturik, kalera irten da gaur goizean Arantza Zulueta abokatua. Bera eta Jon Enparantza izan ziren epai horren ondorioz kartzelaratutako bakarrak. Ia bost hilabete eman dituzte espetxean, irailaren 30an sartu baitziren.

Beranduago atera da ere Jon Enparantza, kasu honetan Madrilgo Estremera espetxetik. Batak zein besteak zain zituzten senide eta lagunak, etxerako bidean laguntzeko.

Zaballan hasi zen beren kartzelaldia, baina laster urrundu zituzten biak, Espetxe Zuzendaritzak hala erabakita: Arantza Zulueta Valentziako Picassent-era eta Jon Enparantza Madrilgo Estremerara, hain zuzen ere. Bertan eman dituzte azken lau hilabeteak.

601 urte arteko espetxe zigorra egina zuen Fiskaltzak Madrilen makroepaiketa honetan auzipetutako 47 lagunen aurka, eta dena euskal presoei sostengua ematea akusaziobide bilakatuta. Akordio baten bitartez nabarmen murriztu ziren zigorrak; 45 lagunek ez dute espetxea berriz zapaldu behar izan, bai ordea Enparantzak eta Zuluetak.

Honekin amaitu dira, beraz, 21 urtez luzatu den «dena da ETA» lelopeko jazarpenaren kartzelaldiak. Milaka urte preso eman dituzte ehunka euskal hiritarrek, zigor politikoen bitartez.