Inolako errukirik ez dute izan Jaka-Zabaletak (6-22)
Liderrek ia inertzia hutsez txikitu egin dituzte burua altxa ezinda dauden Victor eta Mariezkurrena, eta lehen postua bermatu dute.
Hamahiru aste eta gero, gutxitan esaten du gezurrik sailkapenak eta liderren eta azkenen arteko aldea nabarmen geratu da Labriten, 40 minutura heldu ez den partida batean, Jaka-Zabaletak 22-6 irabazi baitiete bururik altxa ezinda jarraitzen duten Victor eta Mariezkurrenari.
Aspekoek ez zuten ezer jokoan, baina atzetik zekarten inertzia hutsez txikitu dituzte euren arerioak inorri ezer gutxi eman dien partidan. Jokoan ezer gutxi zegoen arren, Labrit pilotalekua goraino beteta egon da, baina ez dute disfrutatzeko ezer askorik izan.
Lehiaren orekak binakako berdinketara arte baino ez du iraun eta lehen lau tanto horiek batzuek eta besteek egindako hutsen bidez heldu dira eta hortik aurrera Aspekoak oso nagusi izan dira kantxan. Partida htz antzean hasi badu ere, segituan sartu da Jose Javier Zabaleta jokoan eta arerio handi xamarra izan da burua altxa ezinda jarraitzen duen Jon Mariezkurrenarentzat. Azken bi asteetan gora egin bazuen, gaur huts gehitxo pilatu ditu erasoan oso fin aritu den Erik Jakari aukerako pilotak kentzeko asmotan.
Lizartzakoak oso eroso jokatzeko modua izan du une oro eta errematean oso fin aritu da. Bi pilota baino ez ditu galdu, bat txapara bota duen pilota batean eta bestea 21-5 zirela, luzeegi ateratako sake batean. Victorrek, bere aldetik, hiru tanto eder utzi ditu baina ezinean aritu da, erabat gaindituta eta bere atzelariari partidari eusten lagundu ezinda. Lau jardunaldi jokatu dituzte Ezcarayekoak eta Berriozarkoak elkarrekin jokatzen baina garaipenik pilatu ezinda jarraitzen dute.