‘Mi pequeño gran samurai’ filmak Ekai Lersundi trans gaztea pantalla handira eraman du
Arantza Ibarrak Ekai Lersundi trans gaztearen bizitza jaso du ‘Mi pequeño samurai’ film laburrean, hainbat testigantza eta bizipenen bidez. Dokumentalaren helburua Ekai gogoratzea eta trans pertsonen borroka aldarrikatzea da. Zinegoak jaialdian eskainiko da.
‘Mi pequeño samurai’ film laburra Zinegoakeko hasiera ekitaldian proiektatuko da. Programazioan egongo diren hainbat lanetan bezalaxe (‘Let there be light’ edo ‘Tu me manques’ kasu), LGTBI+ biztanlerian oso presente dagoen suizidioaren gaiari ikusgarritasuna emango zaio.
Datorren otsailaren 24an hasiko da Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioa. Arriaga Antzokian egingo den hasiera ekitaldian, ‘Mi pequeño gran samurai’ dokumental laburra estreinatuko da, 2018an bere buruaz beste eginda hil zen Ondarroako Ekai Lersundi trans gaztearen bizitza biltzen duen lana.
Bilborock aretoak hartu du astearte honetan dokumentala aurkezteko prentsaurrekoa, eta bertan izan dira Arantza Ibarra (film laburraren zuzendaria), Izaskun Arandia (ekoizlea), Ana Martinez eta Elaxar Lersundi (Ekairen ama eta aita) eta Zinegoak jaialdiko arduradunak.
Arantza Ibarrak azpimarratu du obraren helburua ahalik eta jende gehienari laguntzea dela: «Ez dugu nahi gai honengatik heriotza gehiago egotea. Dokumental honekin ahal den guztia aldarrikatu, ikusarazi, normalizatu eta babestu nahi dugu, mugak apurtzen jarraitu nahi dugu». Hala nabarmendu du Ibarrak: «Elaxarrek eta Anak euren semearen alde borroka egiten dute, eta beraiek bezala, euren egoera berean dauden guraso gehiago daude. Eurentzat lagungarria izatea espero dugu, bakarrik senti ez daitezen».
Dokumentalaren zuzendaria ere Ondarroakoa da eta, beraz, gertutik ezagutzen du Ekairen historia. «Ideia horrela sortu zen: jakin izan nuen nire herriko lagun batzuek semea galdu zutela suizidioaren ondorioz, berak bizi zuen borroka etengabearen ondorioz. Gizarteak ipintzen zizkion traba eta arazo guztiei aurre egin behar izan zien. Ideia horrek etengabe astintzen ninduen barruan, eta zerbait egiteko beharra sentitzen nuen. Hain inpotentzia indartsuarekin sentitzen nintzen, atera beharra nuela, eta bera bezala sentituko zirenei lagundu, ahal den neurrian».
21 minutuko iraupena duen dokumentalean, Elaxar Lersundi eta Ana Martinezen testigantzak jaso dituzte, baita Naizen elkarteko (adingabe transexualen familien elkartea) eta Ondarroako hainbat bizilagunen testigantzak ere. Film laburraren zatirik handiena 2019ko otsailaren 15eko asteburuan grabatu zen, Ekairen omenezko egunean, hil eta urtebetera.
Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak nabarmendu duenez, jaialdiaren aurtengo edizioaren helburuetako bat LGTBI+ biztanleriaren barruan bizi den suizidioari ikusgarritasuna ematea izango da. Gai hori agertuko da, besteak beste, ‘Tu me manques’ edo ‘Let there be light’ pelikuletan, eta bietako zuzendariak Bilbora gerturatuko dira filma aurkeztera.
Inaugurazio galaz gain, Arantza Ibarraren dokumentalak beste bi proiekzio izango ditu: martxoaren 3an, 17.30ean, BilbaoArteko Art House zinema aretoan, eta martxoaren 6an, 18.00etan, Bilborocken.