Olaizola-Urrutikoetxea finalerdietan egongo dira (22-17)
Partida gogor eta luze batean, beteranoek Artola-Imazek baino huts gutxiago egin dituzte eta azken oztopoa gainditu dute.
Txapelketan zehar oso une gogorrak bizi izan badituzte ere, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea finalerdietako ligaxkan arituko dira, egiaren orduan Artola-Imaz baino hobeto moldatu eta play offetako kanporaketan aurrera egitea lortu dutelako, partida luze eta gogor batean 22-17 nagusituta.
Hamalau astetan frontoietan lehiatzen aritu ondoren, dena partida bakar batean jokatu behar izan dute Baikoko bi bikoteek eta halako partidetan eskarmentu gehiago erakutsita, aurrera egitea lortu dute bi beteranoek. Ikusgarria baino, desgaste partida bat izan da gaurkoa eta halakoetan sarri geratzen den bezala, gutxiago galtzeak sekulako eragina izan du. Azkenerako 12 izan dira gipuzkoarrek galdutako pilotak eta gorriek erakutsitako defentsa erabakigarria izan da.
Bosnako berdinketara arte lehia orekatua izan bada, hortik aurrera Olaizola-Urrutikoetxeak hartu dute markagailuko agintea eta urdinei kosta egin zaie atzetik jokatzea. Izan dituzte piloteoan nagusi izan diren uneak, baina tantoa amaitzerakoan ez dira erabat argi aritu eta garesti ordaindu dute.
Mikel Urrutikoetxeak asko sufritu behar izan du eta amaierara larri heldu da, baina partidari une oro eusteko gai izan da eta aurrean Aimar Olaizolak beti izan du partidak eskatzen zuenarentzat erantzun egoki bat. Ez du partida ikaragarri distiratsua jokatu, baina beti bere lekuan egonda, bera izan da partida erabaki duena.