Laso eta Albisuk osatuko dute finalerdietako ligaxka (15-22)
Etxetik gauzak oso argi ekarri eta bikain kantxaratu dituzte Baikokoek eta merezitako garaipena lortu dute Altuna eta Galarzaren aurka.
Sistema berri honekin, argi dago hamalau asteetan zehar egindako lanak ezer gutxirako balio duela play offa jokatu behar duten bikoteentzat eta larunbatean Iruñean bezala, sailkapenean atzetik ziren Laso-Albisuk lortu dute finalerdietarako txartela, unerik egokienean partida borobila jokatuta. Aurreko bi partidetan Altuna-Ladis Galarzak Baikokoak irabaztea lortu bazuten, gaur Eibarren urrun egon dira 22ra heltzetik.
Baina ideia on batekin eta ideia hori praktikara bikain eramanda, oso nagusi izan dira, partidaren hasieratik, Laso-Albisu Astelenan. Ez dute ezer berririk asmatu, Altuna gainetik pasa eta Ladis Galarza zigortzearena pilota bezain zaharra den estrategia bat da, ideia hori martxan horren ongi jartzean egon da Bizkarretakoaren eta goierritarraren garaipenaren giltza.
Azken asteetan pilatutako inertziari eutsita, Jon Ander Albiuk partida borobila jokatu du. Hutsen bat ere pilatu duen arren, dominatu, defendatu, agindu... dena egin du ongi ataundarrak eta hor egon da partidaren parte handi bat. Baina Unai Lasok ere bikain ulertu du gaur kantxan egitea zegokiona eta partida latza jokatu du. Aurrean nahastu gabe, Ladis Galarza zigortu du etengabe, baina gantxoz sartzeko aukerei muzin egin gabe. Gantxoak ere bikain funtzionatu dio eta, batez ere, apenas egin du hutsik partida osoan zehar.
Aspeko bikoteari dagokionez, ez Jokin Altuna ez Ladis Galarza ez dira txapelketako unerik gozoenean heldu. Amezketarrak oso partida zaila izan du, lehen partean erbat gaindituta izan delako eta bigarren partean jokoan sartzeko aukera gehiago izan dituen arren, halakoetan ez da erraza behar bezainbeste asmatzea. Atzean, Ladis Galarzari partida oso luze egin zaio, erdira arte edo nolbait eutsi dio partidari baina amaierarako amildu egin da.