«Iñaki Arriolak berehala dimititu beharko luke»
Hiru orduko lanuztea deitu du Zaldibar Argitu plataformak martxoaren 12rako. Jokin Bergara eta Janire Lazkano ekimeneko kideek hilabeteren ostean «denak berdin» jarraitzen duela salatu dute NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Hilabete pasa da Zaldibarko zabortegia behera erori zenetik. Inguruko herrietan ezinegona dago oraindik, galdera gehiegi eta erantzunak eskas. Martxoaren 12rako Zaldibar Argitu plataformak hiru orduko lanuztea deitu du, «nahikoa dela esateko, hilabete pasa ostean denak berdin jarraitzen duela salatzeko».
Hilabete pasa da zabortegia behera erori zenetik, nolakoak izan dira aste hauek?
Jokin Bergara: Kezkaz eta beldur puntu batez ere pasa diren egunak izan dira, hasteko jendeak ez dakielako oso garbi zer ari den arnasten. Mesfidantza handia sortu da, hasieran airearen kalitatea ona zela esan zuten eta bazekiten hori Madrilen ari zela aztertzen, gezurra esan zuten orduan eta sinesgarritasuna galdu zuten. Alarmismo puntu bat badago inguruko herrietan, eta arrazoiak daude horretarako.
Kezka nabari duzue? Beldurra?
Janire Lazkano: Ezinegona. Ezin dugu sinistu esaten dutena, badakigulako, hiruzpalau aldiz agerian geratu den bezala, esaten dutena ez dela egia. Kezkaz bizi dugu egoera.
Zergatik deitu duzue orain lanuztea?
J.L.: Otsailaren 10ean izan ziren lehen manfiestazioak, 15ean manfiestazio bateratua eta pentsatzen dugu hilabete pasa denean, eta ikusten dugunean ia ezer ez dela aldatu, badela garaia beste urrats bat emateko. Inguruko herrietako jendearen artean adostu genuen paro bat konbokatzea hiru ordukoa, jendea kalera atera dadin, aldarrikapenak plazaratzea eta gure helburuengatik borrokara irtetzea.
Jaurlaritzatik diote garden ari direla gaiaren inguruan informazioa ematen...
J.B.: Herritarrei begira informazioa nola kudeatu duten oso deigarria da. Bidali zituzten Eibar eta Ermuako udaletxeetatik antolatuta Jaurlaritzako teknikari batzuk herritarrak lasaitzera, baina egin zutena da oso gauza teknikoak aipatzea eta jendearen egunerokotasunari eragiten dioten gauzak ez zituzten argitu. Hau da, iturriko ura edan daitekeen, haurrek kalean jolastu dezaketen, baietz zioten baina gero Eibar eta Realaren arteko partdia bertan behera utzi zuten... Jendeak benetako azalpenak nahi zituen, niri honek nola eragiten dit? Eta ez zen halakorik izan.
Informazio gardenaz ari badira zergatik ez dituzte publiko egiten orain datu zehatzak? Zergatik ez dute aintzat hartzen neurketak agentzia independiente batek egiteko eskaera?
Agentzia independientea? Ez zarete fido Jaurlaritzaren datuez?
J.L.: Ez gara fidatzen, homologautakoak ere ez direlako izan eta ez ditugtelako esaten neurketa horiek ez noiz ez non jasotakoak diren, beraz gardentasun gutxirekin egindako kontua dela uste dugu.
Aireaz eta lurraz gain, zabortegi horretan zer dago? Zer bota da horra azken urteetan? Horrek ere gure osasunarekin zuzeneko eragina duela uste dugu.
Zer gehiago falta da jakitea?
J.B.: Hasteko, zelan kudeatu den hori, zergatik zegoen zabortegi bat hor, zeinek sortu zuen, nork ez zuen kontrolatu hori... Hedabideek atera dituzue informazioak, non azaltzen den sare klientelar ilun batek ere ahalbidetu zuela hori. Hasteko hori argitzea eskatzen dugu
Bigarrenik, zabortegi horretan gaur egun zer dagoen zehaztasunez jakitea, ez dute lagatzen lagin bat ere hartzen zer dagoen jakiteko eta gaur egungo teknologiarekin nahikoa da lagin bat hartzea zer sustantzia dauden hor jakiteko. Horrek mesfidantza areagotzen du.
J.L.: Jaurlaritzak dioena eta bertako langileen testigantzetan entzun ditugunak ez datoz bat, herritarroi dagokigu, beraz, hor zer dagoen galdetzea.
Zuen ustez, norena da hor gertatutakoaren erantzukizuna?
J.L.: Enpresak berak erantzukizun zuzena dauka, ukaezina da hori, baina hortik aparte uste dugu administrazioak daukala erantzukizun parte handi bat, eta hori kontrolarena da. Zer gertatu da hor hainbeste urtean eta nork begiratu du beste aldera? Amiantoarena, hilabeteko administrazioaren erantzun ezagatik lortu zuen baimena... Horiek argitu egin behar dira, nori iritsi zaitzaion eskaria? Nork ez zuen erantzun? Nork laga zuen horra amiantoa iristen? Askoren arteko adibide txiki bat da.
J.B.: Higiene demokratiko hutsagatik berehala hartu behar ziren erantzukizun batzuk, dimisio eran edo beste modu batera... eta ez da halakorik egon. Beste edozein sistema politikorekin konparatuta, Europa iparraldean onartezina litzateke, eskandalu publiko bat da.... eta hemen izen jakin batzuk daude, ingurumen sailburuarena...
Arriolak dimititu egin beharko luke?
J.B.: Iñaki Arriolak dimititu egin beharko luke berehala, baina hauteskundetara doa berriz ere bere alderdiaren zerrendetan eta hori eskandalu demokratiko bat da, XXI. mendeko gizarte baten hori normaltasunez ari da onartzen. Bi langile daude oraindik lurpean, 50.000 pertsonen osasuna jarri da jokoan eta ez da ezer pasatzen. Ikusten dugu desfase bat larritasunaren eta horri politikoki nola erantzun zaionaren artean.
Kudeaketa pribatua izateak zer eragin izan du?
J.L.: Pribatizazioa aipatu ditugun sare klientelar horiek sustatzen dute. Enpresa bati komeni zaio dirua egitea eta da munstro bat denetik jango duena dirua egitearen truke, dirua dagoen bitartean ez dago kontrolik, nahi den materiala sartzen da, nahi adina tona sartzen dira, ez dakigu nondik etorri den materiala... argitu beharreko puntu gehiegi daude hor.
J.B.: Garbi ikusten da kudeaketa pribatuak nora garamatzan. 35 urterako programatuta zegoen zabortegi hori betetzea eta hamarkada pasatxoan bete zuten. Jaso, jaso eta jaso, eta dirua irabazi eta irabazi, inolako kontrol zehatzik gabe. Irabaziak pribatizazu, kostuak sozializatu eskema perfekto dator gai honetara, dena azaldu ahal da horrekin.
Baina, zaborrak kudeatu egin behar dira...
J.L.: Guk uste dugu modu zuzena izan behar dela modu publikoa, ez luke bide eman beharko inork hortik diru irabaziak izateko.
J.B.: Ereduari eman behar zaio buelta. Jaurlaritzak larrialdi klimatikoa izendatu zuen baina ez dirudi bere eguneroko politikekin praktikara eramaten duenik. Benetako larrialdi klimatiko bat izendatu baduzu; trantsizio energetiko, ekologiko eta sozial baterako bide orri argi eta zehatz bat ere egon beharko litzateke, eta halakorik ez dago.