Elgoibarko bizilagunek urak tratatzeko azpiegituretatik gasak ateratzen direla salatu dute
Elgoibarko San Antolin auzoko bizilagunek EH Bilduri jakinarazi diotenez, «badira egunak urak tratatzeko azpiegituratik gasak ateratzen direla, arnasa hartzeko zailtasunak dituztela, ahotsa hausten zaiela eta beren eztarriek sufritu egiten dutela». Koalizioak hainbat dokumentu eta informazio eskatu dizkie erakunde eskudunei.
Elgoibarko EH Bildu «oso kezkatuta» agertu da San Antolin auzoan dagoen ur-araztegiaren inguruan bizi diren bizilagunengandik iristen ari zaizkien kexak direla-eta.
Gogora ekarri dute Zaldibarko zabortegian lanean ari zen kamioilari batek Berria egunkariari adierazitakoa. Testigantza horren arabera, San Antolingo araztegira eramaten ziren aipatutako zabortegitik zetozen lixibiatuak. «Harritu egiten gaituen gertaera bat, zabortegi horrek ez baitio zerbitzurik ematen Zaldibarko udalerriari», adierazi dute.
Bestalde, San Antolin auzoko bizilagunek jakinarazi diete badirela egunak «urak tratatzeko azpiegituratik gasak ateratzen direla, arnasa hartzeko zailtasunak dituztela, ahotsa hausten zaiela eta beren eztarriek sufritu egiten dutela». EH Bilduk azpimarratu du «ez dela gai berria». «Bizilagunek urteak daramatzate gai hau erakundeei salatzen, baina oraindik ez dakite zergatik gertatu zaizkien ondorio horiek, beti ukatu izan baitzaie egindako azterketen emaitzak ezagutzea».
Horren harira, Elgoibarko EH Bilduk hainbat dokumentu eta informazio eskatu dizkie erakunde eskudunei, araztegia arriskutsuak izan daitezkeen substantziekin lan egiteko egokituta dagoen eta araztegian sartzeko eta irteteko kontrolak dauden jakin asmoz. Era berean, araztegiak beste udalerri batzuetako urak har ditzakeen eta aldian-aldian airearen eta uraren kalitatearen kontrolak egiten diren ere galdetu dute.
Ura agentziari ere eskatu dio Deba ibaiko uraren kalitatea aztertzeko. Izan ere, Zaldibarko zabortegia erori eta gero, dioxinak eta furanoak atzeman zituzten zabortegiaren inguruan.