INFO

Esku pilota txapelketa profesionalak ere bertan behera geratu dira

Olaizola II-Urrutikoetxeak eta Ezkurdia-Martijak nolabaiteko normaltaunez egin dute material aukeraketa, baina asteburuan ez da lehiaketarik izango.

Igandean Bilbon jokatutakoa izango da, momentuz, Binakakoaren azken partida (Marisol RAMÍREZ/FOKU)

Ohar batean azaldu dutenez, koronabirusa dela eta, Pilota Enpresen Ligak (EPEL) bertan behera utzi ditu jokoan ziren txapelketa guztiak. Hau da, egoerak bestelakorik aholkatzen ez duen bitartean, ez da esku pilota profesional jaialdirik izango eta, beraz, Binakako Txapelketako finalerdietako bigarren jardunaldiko partidak ez dira jokatuko asteburu honetan.

Aspe eta Baikok diotenez, gaur egun ez dira jaialdiak segurtasunez eta normaltasunez jokatzeko baldintzak ematen eta, arduraz, lehiaketak etetea erabaki dute. Momentuz, ez dute txapelketei noiz berrekin ahalko zaien inolako aurreikuspenik eta egoeraren bilakaeraren arabera hartuko dira eta jakinaraziko dituzte honen inguruko erabakiak.

Enpresetako arduradunak bilduta ziren bitartean, igandean Eibarko Astelenan jokatzekoak ziren Olaizola II-Urrutikoetxea eta Ezkurdia-Martija Eibarren izan dira balizko partida horretarako pilotak aukeratzen eta jokatuko ez zutela jakin gabe itzuli dira euren etxeetara.

Hori bai, nahiz eta jokatzeko irrikitan egon, bi bikoteak txapelketako unerik egokienean heldu dira finalerdietako bigarren jardunaldi honetara, guztiak bat etorri dira lehentasuna osasuna dela azaltzerakoan. Mikel Urrutikoetxeak ere prest omen dauka aurreko asteko partida bertan behera uztera behartu zuen ezkerreko eskua, baina itxaron egin beharko du kantxetara itzultzeko.

Emakume Master Cup ere bertan behera

Arrazoi berengatik, Emakume Master Cupeko antolatzaileek ere bertan behera utzi dute larunbatean Elgoibarren jokatzekoa zen jaialdia. Binakako txapelketako pilota goxoko finalerdiak ziren jokatzekoak bertan, baina jaialdia bertan behera geratu da. Momentuz, gaur Galarretan jokatzen ari den erremonte jaialdia, Sagardoaren Txapelketako partida jokatuko da bertan, da normaltasunez ari den pilota joko bakarra.