INFO
Entrevista
Elisabeth Charriau
Egiazko Berdintasunaren Alde ekimena

«Parekidetasunaren aldeko borrokak demokraziari mesede handia egiten dio»

Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak (IEHGK) luzaturiko proposamenari jarraituz ehundik gora gizarte eragile bildu ziren joan zen urtarrilean Baionan antolaturiko jardunaldian parekidetasunaren erronkari bultzada emateko xedez. Igandeko hauteskundeen atarian, udal bozetara begira lurraldeko hautagaiei luzaturiko enplazamenduari buruz hitz egin du NAIZek Egiazko Berdintasunaren Alde ekimenaren partaide den Elisabeth Charriaurekin.

Ehun bat eragile bildu ziren urtarrilean Baionan herriko bozetara begira parekidetasuna bultzatzeko xedez. (IEGK)

Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) elkarteak bat egin zuen Ipar Euskal Herriko Garapenaren eskutik urte hasieran Lapurdiko hiriburuan antolatu zen jardunaldiarekin. Ehun bat eragilek parekidetasunaren aldeko aldarria egin zuten orduan. Geroztik bere bidea egin du, bereziki koordinazio feministaren begiradapean aitzina egin duen ekimenak.

«Mila biztanle baino gutxiagoko herrietara begira jardun dugu, herri horietan lan eskerga dagoelako egiteko, alde batetik ohitura zaharrak oso sustraiturik daudelako eta bestetik parekidetasun legea ez delako aplikatzen hauteskundeetan herri horietan», azaldu dio NAIZi Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) ekimenaren partaide den Elisabeth Charriauk.

«Gizonek ez dute tokia egin nahi»

Oraindik ere aztergai dituzte herri horietan aurkezten diren hautagaien eskutik jasotako erantzunak, baina Charriuk duen irudipena da «oraindik ere lan eskerga dugula egiteko».

Bere erranetan, «buruetan eman behar da aldaketa nagusia», eta argi dauka «gizonek behar dutela tokia uzteko urratsa egin emazteek hartu ahal dezaten dagokien plaza».

Ez da hala gertatu martxoko hauteskundeei begira hautagaitzak aurkezteko burutu den prozesuan. Are, parekidetasun legea indarrean dagoen 41 herri/hirietan ere genero arrakala nabarmena da: hautagaitzen %78k gizon bat du zerrendaburu, %22ak emazte bat.

Charriau kexu da: «Askotan emazteek ez dutela hautagai aurkezteko urrats egiten entzuten dugu, baina askoz gutxiago aipatzen da gizonezkoek ezartzen duten blokeoa».

«Tranpak egiten dituzte»

Egiazko Berdintasunaren Alde elkarteko kideak arrisku batez ohar egin du ondoren: «lehen itzulia baino lehen, eta bereziki igandeko bozketaren ondotik, transakzio prozesuak hasiko dira eta horrek parekidetasunaren erronkari kalte berria ekarri diezaioke».

Legeak hala aginduta zerrendak parekideak badira ere, «ohikoa izaten da emazte batek dagokion postuari muzin egiten dioenean gizon batek hartzea toki hori, eta trikimailu horiek behar ditugu salatu», gehitu du EBAko kideak.

Bestalde, parekidetasunaren aldeko borroka eta demokrazian sakontzeko erronkaren artean lotura egin du.

Horren harira, Charriauk azaldu duenez «auzapezek segitzen badute izaten herriek Euskal Elkargoan izaten dituzten ordezkariak, hauteskunde hauen ostean oso emazte gutxi izanen ditugu erakunde horretan». Amaitu berri den legealdian, Euskal Elkargoan ordezkaritza postuetan zeuden emakumeak %17 ziren.

Gizarte zibila urrats bat aurrerago antzematen du gure solaskideak. Alta, hautetsien eremuan gauzak motelago doazela irudipena du.

«Euskal Elkargorako ordezkariak herritarrek hautatu dituzten udal batzarrek izendatuko balituzkete, herri osoaren borondatea ordezkatuko lukete eta ez lukete badaezbada auzapez edo gehiengo baten ikusmoldea ordezkatuko, eta modu horretan agian aukera gehiago legoke parekidetasun irizpidea bermatzeko», proposatu du.

Euskal Elkargoak berdintasun plana onartu zuen 2018an, eta engaiamendu horretan jasotako neurriak betetzea da ondoko hilabetetako Elisabeth Charriauk zehaztu duen «eginkizun nagusietariko bat». Hautetsiak eta gizarte zibileko ordezkariak elkartzen dituen IEGKren baitan sorturiko batzordean, bestalde, eztabaidak eta proposamenak elikatzen segituko dute.

Finean, «parekidetasunaren aldeko borrokak demokraziari mesede handia egiten diolako».