INFO

Koronabirusak ez ditu kontzertuak etengo: Zetak taldeak streaming bidez eskainiko du berea

Arrapaladan, bata bestearen atzetik, era guztitako ekimen eta aktibitateak bertan behera geratzen ari dira koronabirusaren ondorioz. Tartean kontzertuak ere. Baina Zetak taldeak aurkitu du honi aurre egiteko txertoa: streaming bidez eskainiko du kontzertua martxoaren 22an.


Talde ugari dira datozen egun eta asteetako kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituztenak, koronabirusa dela-eta. Egoera normaltasunera itzultzen den bitartean, baina, ez dagoela musikaz gozatzeari uzteko beharrik erakutsi du Zetak taldeak. «Prestatu bozgorailuak, garagardoak eta irrifarreak».

Duela hilabete gutxi publikoaren aurrera agertu zenetik eskaintza berritzailea ekarri du Pello Reparazen proiektu berriak eta oraingoan ere lehen lerroan kokatu dira arbizuarra eta bere taldekideak. Martxoaren 22an, 21.30ean, streaming bidez eskainiko dute kontzertua, haien web atariaren bitartez.

«Musikak batuko gaitu», dio zabaldu duten mezuak. «Lagunak, langileak, musikariak, ez musikariak... Momentu onenetan abestu dugu. Zergatik ez txarrenetan? Kontzertuak bertan behera utzi behar ditugula? Etxean gelditu behar dugula? Ados. Baina ez gara bakarrik egongo. Prestatu bozgorailuak, garagardoak eta irrifarreak. Zita bat dugu», zabaldu dute sare sozialen bitartez.

«Dena zalantzan jarri nahi dut», adierazi zion Pello Reparaz kantari eta musikariak NAIZi aurreko elkarrizketa batean. «Zalantzan euskal musikaren industrian dauden ezarritako legeak, egiteko moduak»