Joseba Erostegi antzuolarra kalean da, 22 urte eta erdiko kartzelaldia agortu ondoren
Igande honetan espetxealdi luzea amaitu du Joseba Erostegi antzuolarrak; 22 urte eta erdi eman ditu preso. Herrera de la Manchako kartzelatik atera da.
Joseba Erostegi Bidaguren Antzuolakoa da eta 1997ko uztailaren 1ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Josu Uribetxeberria, Joxe Migel Gaztelu eta Xabier Ugarterekin batera, ETAk bahitua zuen Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa aurkitu eta askatzeko operazio aski ezagunean. Horregatik ezarritako zigorra bete du geroztik Erostegik eta gaur goizean amaitu du.
Herrera de la Manchako espetxean (Ciudad Real, Gaztelan) egin du 22 urte eta erdiko kartzelaldiaren azkeneko zatia. Bertako atarian senide eta lagunekin elkartu eta etxeko bideari ekin ahal izan dio azkenik.
66 urte ditu jada Joseba Erostegik eta gaixotasun ugari garatu ditu espetxean, batez ere 2014 urtetik hona. ‘Eltzikorta’k (hau du ezizena) aurretik askatua izateko eskubidea bazuen beraz, baina bururaino eraman dute kartzela zigorra.
Aipaturiko laukotean, askatu duten azkena izan da Erostegi. Gaixotasun larria zuela, borroka gogor baten ondorioz 2012 urtean baldintzapeko askatasuna jaso zuen Josu Uribetxeberria eta 2015an hil zen. 2017an espetxaldia amaitu zuen Joxe Migel Gaztelu bergararrak, eta iazko udan Xabier Ugarte oñatiarrak. Orain Erostegi ere aske da.
Sei euskal preso gelditzen da honekin Herrera de la Manchan: Iñaki Armendariz, Asier Bengoa, Joanes Larretxea, Faustino Marcos, Sergio Polo eta Jon Mirena San Pedro.