INFO

150 euroko laguntza eta sintomak dituzten guztientzako probak eskatu ditu EH Bilduk

Iñigo Urkullurekin egindako bilera, konfinamendu osoa ezartzea eta hauteskundeak atzeratzea eskatzeaz gain, premian diren familiak diruz laguntzea (150 eurokoak) eta gaixotasunaren sintomak dituzten guztiei probak egiteko beharra mahaigaineratu du EH Bilduk.

Maddalen Iriarte y Arnaldo Otegi, aurreko agerraldi batean. (EH Bildu)

Goizean Lehendakaritzan alderdien artean abiatu den bilerak ez du soilik hauteskundeen atzeratzea hizpide. Birusari aurre egiteko proposamenak ere egin ditu EH Bilduk, bai eta premia larrienean diren kaltetuei laguntzekoak ere. Osasun arlotik fiskalitatera doazen neurriak direla nabarmendu du.

Hauteskundeei dagokienez, atzeratzearen alde egin du, jakina, EH Bildu izan baitzen hori proposatzen lehena. «Erabateko konfinamendua» ere planteatu du, «lehentasuna, une honetan, birusaren hedapena geldiaraztea baita».

Horrekin batera, 150 laguntza emateko beharra jarri du mahai gainean, ordainketa bakarrekoa, «kalteberatasun egoeran dauden familientzat, baldintza bakarra Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak preskribatzea izanik». Izan ere, elikagai bankuek ere eten egin behar izan dute beren lana, momentuz behintzat.

Beste kontu garrantzitsu bat: «Arnas infekzioaren sintomak dituzten pertsona guztiei testa egitea» eskatu du EH Bilduk bilera horretan, «Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroek aholkatzen duten bezala, gaur egun ez baitira egiten ari».

Azkenik, «adinezkoentzako egoitza-zentroetan arreta zuzeneko langileen kopurua berehala handitzea» planteatu du Arnaldo Otegik eta Maddalen Iriartek osatutako ordezkaritzak, «oso ahulak diren pertsonak dauden zentro horietako langile kopurua urria da eta. Horri gehitu behar zaio bisitak jasotzeko ezintasunak eragiten duela zentro horretako langileek lan gehiago izatea», oroitarazi du.