Hainbat enpresak ekoizpena geldiarazi dute, langileen osasuna bermatu ezinik
Berantevillako Aernnovaren lantegia martxoaren 23ra arte itxiko dute. Bestalde, Tubos Reunidos taldeko Trapagaran eta Amurrioko lantokietan ekoizpena geldiarazi dute; baita Barakaldoko ITP Aero Castings enpresan ere.
Aernnovak Berantevillako (Araba) lantegia itxiko du, astearteko 14.00etatik hilaren 23ra (astelehena) bitarte, iturri sindikalek jakinarazi dutenez. 450 lagunek egiten dute lan bertan.
Aernnovaren enpresa batzordeak zuzendaritzari ekoizpena geldiarazteko eskatu zion, lantegian langileak «kontaktuan baitaude; tresna, espazio eta oxigeno batzuk partekatuz, zeinen bitartez birusa kutsatu daitekeen».
Langileen ordezkaritzak ohartarazi du, halaber, plantilaren gehiengoa kotxez mugitzen dela Gasteizetik Berantevillara, eta balizko auto istripuek areago kolapsatuko lituzketela ospitaleak.
Hasiera batean, zuzendaritzak ezezkoa eman zion ekoizpena gelditzeari, baina astearte goizean «langile talde batek manifestazioa egin du fabrikan barrena, berau geldiaraztea eskatzeko».
Protestaren ostean, enpresako zuzendaritzak lantokia datorren astera arte ixtea adostu du, 14.00etatik aurrera.
Tubos Reunidos
Tubos Reunidos taldeak Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Araba) lantokietako ekoizpena gelditu du eta enplegua behin-behinean erregulatzeko espedientea aurkeztu du, enpresako iturriek prentsari helarazi diotenez.
Trapagarango Productos Tubulareseko (Tubos Reunidosen taldekoa) enpresa batzordeak zuzendaritzari eskatu zion lantegiaren ekoizpena gelditzeko. Astelehenean agertu zutenez, langileek «behin eta berriz» galdegin zioten zuzendaritzari beharginen osasuna babesteko «baliabide errealak» jar zitzala baina, salatu zutenez, goi-karguek ez zieten «jaramonik egin».
Enpresak berak martxan jarritako protokoloa ez dutela bete esan zuen batzordeak. Horregatik, plantilak «planto» egin zuen eta ekoizpena gelditu, astelehenean gaueko 22.00etan; berdin egin du asteartean, 06.00etatik aurrera, harik eta Tubos Reunidosek lantokiko ekoizpena geldiaraztea erabaki duen arte, enpresa batzordearekin bildu ondoren.
ITP Aero Castings
ITP Aero Castings enpresak ekoizpena geldiaraztea erabaki du Barakaldoko eta Sestaoko (Bizkaia) lantokietan, iritzita zuzendaritza «ez dela gai» langileen osasuna bermatzeko, eta salaketa bat jarri dute Lan Ikuskaritzan. Berebat, enpresa batzordeak jakinarazi du langileak babesteko zuzendaritzak ezarritako protokoloa ez dela eraginkorra.
Batzordeak zehaztu duenez, «erabaki hau hartu da egiaztatu ondoren ez zeudela maskarak guztientzat eta, era berean, enpresa ez da gai ekoizpen jardueretan metro eta erdiko tartea bermatzeko», besteak beste. Gainera, ITP Aero Castings-eko 12 langile koarentenan daude, horietako batek positibo eman du Covid-19aren proban, eta besteak konfirmatzeke daude.
«Enpresaren lehentasuna ekoizpena da», esan dute, eta are, jardunaz kanpoko orduak ere egin dituzte lanean.
Horregatik guztiagatik, enpresa batzordeak zuzendaritzari galdegin dio neurriak hartzeko langileen osasuna ez egoteko arriskuan.