AUTO-ILARAK ETA ZALANTZAZ BETETAKO HERRITARRAK MUGAN
HAMABI ORDUKO ALDEA IPAR ETA HEGO EUSKAL HERRIAREN ARTEAN. GAUERDITIK MUGA ITXITA ZEGOEN, BAINA KONFINAMENDU AGINDUA ONDOKO EGUERDIRA ARTE EZ ZEN INDARREAN SARTU ZUBEROAN, LAPURDIN ETA NAFARROA BEHEREAN. KONTROLAK HARRIDURAZ HARTU ZITUZTEN BATZUEK, PAZIENTZIAZ BESTEEK. KEZKAZ, GUZTIEK.
Espainiar eta frantziar gobernuek hala adostuta, Euskal Herria erdibitzen duen muga ezarri zuten atzo berriz. Izan ere, hamabi orduko aldea tartean, Ipar eta Hego Euskal Herriko herritarrak ez ziren sinkronizatu atzo eguerdira arte. Gauerdian paratu ziren guardia zibil eta espainiar poliziak Lapurdi eta Gipuzkoa arteko pasabideetan. Alta, hiru lurraldeetan konfinamendu agindua ondoko eguerdira arte indarrean sartu ez zenez, mugaren itxierak ustekabean harrapatu zituen hendaiar asko. Santiago zubian, Carinne erretirodun hendaiarra haserre zegoen. Poltsa hutsa besapean, etxera bueltan zetorrela egin genuen topo. «Bi ordu falta dira oraindik Hendaian konfinamendu agindua indarrean sartzeko, baina ez digute Irunera pasatzen uzten; ene ustez, gaixotasun horren aitzakiaz berriz nahi gaituzte banandu», aitortu zigun oina zaurituta izanik ere ohiko erosketa egiteko saiakera egin zuen emazteak.
Zangoak arinago zituen Dani gaztea sutan hurbildu zitzaigun handik gutxira. Musika kaskoak kendu eta eskuak astinduz bere lehentasunaren berri eman zigun, urduri: «Zigarretak erostera joan naiz eta poliziak ezetz esan dit. Nork uler dezake burdel hau?».
Autoak eta bizitzak
Udako irteera operazioa dela edo G7ko agintarien bisita dela, muga blokeatzen den aldiro auto-ilarei buruzko kronikak egin ohi ditugu. Alabaina, ibilgailu bakoitzean bada pertsona bat; hots, bizitza bat.
Susana Hendaian bizi da; 67 urteko ama du, ordea, Irunen. Aurpegian igartzen zitzaion atzo kezka. «Amak gaitz kronikoa dauka eta ondoko bi hilabeteetarako erosi dizkiodan botikak eraman behar dizkiot», azaldu zigun farmaziako poltsa erakutsiz. «Bazkaria tuperrean eramaten diot, eta etxeko garbiketan ere laguntzen diot».
Covid-19ak egunerokotasuna irauli, ohiko erritmoak mantsotu ditzake, baina hurbilekoak zaintzeko nahikeriak muga guztiak gainditu ditzake krisi honetan.
Marmarka ari zen J.M. Iraola garraiolariak gidatzen duen kamioi handia ere. Bere sektoreko kide gehienak bezala, bidean trabak aurkitzera ohitua dago. Muga noiz igaroko zain zegoen. Irribarretsu hartu gintuen. «Garraiatzeko zerbait dagoen bitartean» lanean segitzeko asmoa du. Azken egunotan gauzak moteldu egin direla azaldu du. Ipar Euskal Herrian erritmoak behera egin ahala «gurea ere laster geldituko» dela iragarri du.
Santiago zubitik ez oso urrun Euskotrenek Hendaian duen geltokia dago. Herritar anitzek baliatzen dute Topoa.
Izaskun, Hendaian bizi den donostiarra, atzeman genuen bertan. Eskuan kalera irten nahi duten herritarrek erakutsi behar duten ziurtagiria zeraman. Frantses Gobernuak webgune baten bidez inprimakia deskargatu eta betetzeko aukera eman du. Lana, medikua, erosketak... jarduera horiek soilik ematen dute konfinamendua ordu batzuez hausteko eskubidea.
Hain zuzen, paper hori edo enpresaren agiria baliatu behar dute Lapurdin bizi diren eta mugaz bestaldean lan egiten duten 4.500 bat langileek ohiko desplazamendua egiteko. Alta, Hendaian bizi den donostiarra arranguraz beterik utzi dugu. Agiriak balio ote du Donostiako erietxean larri duen anaiarengana joateko?
«Poliziari galdetu beharko diozu», esan dio leihatilako langileak. Berinaren bestaldetik keinu goxoa egin dio agur esan aurretik.