INFO

Koronabirusak 10.900 hildako eta 240.000 kutsatutik gora eragin ditu mundu osoan

Koronabirusaren pandemia mundu osoko 160 herrialde eta lurraldetan zabaldu da, eta 244.523 pertsona kutsatu eta 10.031 hildako eragin ditu. Gainera, gaixotasuna sendatzea lortu duten 86.031 pertsona daude, Johns Hopkins Unibertsitateak ostiral honetako 8.30ean eguneratutako balantze orokorraren arabera.

Mediku boluntarioek koronabirus gaixoentzako ospitale berri bat ireki dute Cremonan, Milango hego ekialdean. (Miguel MEDINA/AFP)

OME Osasunerako Mundu Erakundeak azken txostenean ohartarazi du koronabirusak kutsatutako pertsonen kopurua azkar hazi dela, eta gogorarazi du agertu zenetik hiru hilabete baino gehiago behar izan zituela 100.000 kasura iristeko eta 12 egun baino ez beste 100.000 positibo emateko.

Txina da herrialderik kaltetuena, 81.199 pertsona kutsatu eta 3.252 pertsona hil baitira; guztira, 71.264 pertsona sendatu dira. Italian Txinan baino hildako gehiago eragin ditu birusak: 3.405. 41.035 lagun kutsatu dira eta horietatik 4.440 sendatu.

Iran da koronabirusak gehien kaltetutako hirugarren herrialdea, 18.047 kasu, 1.284 hildako eta 5.979 sendaturekin. Laugarren lekuan Estatu espainiarra dago, 18.077 kutsatu, 833 hildako eta 1.107 pertsona sendatu baititu, ostiral honetako goizeko 8.30ean eguneratutako datuen arabera.

Hego Koreak «ia kontrolatua» du birusa

Jarraian dator Alemania, 15.320 pertsona kutsatu, 44 hildako eta 113 pertsona sendaturekin. Amerikako Estatu Batuak seigarren herrialdea dira kasu kopuruari dagokionez: 14.520 positibo, 205 hildako eta 121 sendatu.

Estatu frantsesak 11.010 koronabirus kasu izan ditu, 372 hildako eta 12 sendaturekin. Ondoren Hego Korea dago: Txinaren ostean munduan kutsatu gehien izan zituen herrialdea izan zen, baina une honetan ia kontrolatua du birusa, 8.652 positibo, 94 hildako eta 1.540 sendaturekin.

Azkenik, Suitzak 4.164 kasu positibo eta 43 hildako zenbatu ditu, eta ondoren Erresuma Batua dago, 2.716 kasu eta 138 hildakorekin. Herbehereek 2.468 kasu positibo pilatu dituzte, 77 hildakorekin, eta Austriak 2.013 pertsona kutsatu eta sei hildako izan ditu. Norvegian, Belgikan, Suedian eta Danimarkan 1.000na kutsatu baino gehiago dituzte.