INFO

EH Bilduk alkatetza duen udaletan ERTEak ezartzen badira langileek soldata osoa jasoko dute

EH Bilduk jakinarazi duenez, alkatetza duen udaletan eta «ahal den neurrian», ERTErik ez da ezarriko koronabirusak sortutako osasun krisiaren ondotik. Era berean, kasuren batean egingo balitz, langileek soldata osoa jasoko dutela baieztatu du.

Iñigo Hernando, Galdakaoko alkatea, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Koronabirusak eragindako osasun krisia Hego Euskal Herriko udaletara iritsi da eta eragina izaten ari da langile publikoengan. EH Bilduren zuzendaritzak bere alkateei adierazi egin die, «ahal den neurrian», ez dela kontraturik etengo Alkatetza haien esku dagoen udaletan.

Ohar baten bidez koalizio soberanistak nabarmendu egin du, dena dela, «ERTEak egitera behartuta egon daitezkeen udaletan, Errege Dekretu Legegileak ezarritako 34. artikuluak esandakoa betez» egingo dela. Hau da, langileen soldatak bere osotasunean ordainduko dira eta, modu honetan, enplegua mantentzea bermatuko dela azpimarratu du EH Bilduk.

Bestalde, ERTEetara bideratu diren langileentzako beste irtenbide bat ere jarri dute mahai gainean: ahal den neurrian, urgentziazko premiak asetzea. Hau da, urgentziazko premiak asetzeko sortzen diren lanpostuak ERTEetara bideratutako langileek beteko dituztela adierazi du.

Honela, EH Bildu alkatetzan dagoen udalen batean ERTEa egitea erabakitzen bada, baldintza batzuk bete beharko direla gaineratu du koalizioak: «Langileekin edo langileen ordezkariekin adostaduna egotea, langileek soldata osoa jasotzea (%70 SEPIk eta %30 udalak) eta udalak aurrezten duen dirua krisiaren ondorioei bideratutako ekimenetara zuzentzea».