INFO

Moncloako Itunen bueltan, «déjà vu»

Moncloako Itunen berredizioa eskainiz Espainiako gobernuburuak larunbatean egindako adierazpenak izan du dagoeneko erantzunik Euskal Herrian. Ezkerreko subiranismoak bere jarrera zehaztu du: ez du halakotan parte hartuko, Euskal Herrian egin behar baita etorkizunerako ariketa. EAJk, aldiz, Moncloako Itun haiek sinatu zituela gogoratu du. Ez du oraingoz jokabidea argitu, baina egunotan Pedro Sanchezekin harremana asko hobetu dela aitortu du.


Koronabirusak eragindako krisi sakonaren ondorioz mundua eta gure errealitatea aldatzera doala esan du batek baino gehiagok, baita indar politikoen eta erakundeetako hainbat arduradunek ere. Hala eta guztiz ere, betiko errezetak baino ez dituzte mahairatzen, betiko moduan aritzeko joeraren isla. Adierazpen politikoak egiteko asteburua izan da pasatakoa, eta, betiko lez, gehientsuenek, lehengo lepotik burua.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak autonomia erkidegoetako gobernuburuekin bilera egin zuen atzo bideokonferentziaz; bezperan, alerta egoera denboran luzatzeko egindako agerraldian, Moncloako Itunen gisako akordio bat egin beharko litzatekeela esan ostean.

Balizko akordio horren gaineko bestelako ñabarduren zain, Sanchezen mezuak jite politiko nabarmena hartu zuen, agerraldia berez pandemiaren kontra segitu beharreko neurriak aipatzeko deitua bazuen ere. Alerta egoera luzatuko zela iragartzeko atera zen jendaurrera, baina, azkenean, interes politiko jakin batzuk lehenesteko aprobetxatu zuen, Estatu espainolak azken hamarkadetan izan dituen berberak. Ez da lehen aldia halakorik gertatzen dela krisi honetan; besteak beste, zentralizazioa indartzeko, eskandaluak jota beharko lukeen Felipe VI.a erregea zuritzeko edo Armadari gorazarre egiteko erabili izan baitituzte osasun kontuak argitzeko beharko luketen adierazpen eta agerraldiak.

Sanchezek bota zuen harria. Dagoeneko Euskal Herrian jaso ditu arreta merezi duten hitzak. “Deia” egunkariari larunbatean bertan eskainitako elkarrizketa batean, Andoni Ortuzar EBBko buruak Espainiako Gobernuarekin harremana asko hobetu dela eta kolaboratzeko borondatea dutela azaldu zuen. Nonbait, esentziala ez den jarduera ekonomikoa eteteagatik sortutako ondoeza gainditu dute; alde batetik, Lakuatik eginahalak egin direlako debekuari zirrikituak aurkitzeko eta, beste batetik, aliantza politikan jelkideek PSOE/PSE lehenesten dutelako. Ortuzarren hitzetan, Sanchez gehiago hitz egiten ari da jeltzaleekin, aldez aurretik informatzen, eta okerrak omen direnak ere zuzentzen ari da, aipatutako jarduera ekonomikoaren etenaldiari dagokionez, gehienbat. Izan ere, larunbatean, Sanchezek neurri hori ez dela gehiago luzatuko iragarri zuen.

Ez dela txeke zuririk izango esan arren, alerta egoeraren luzapena Kongresuan babesteko borondatea azaldu zuen Ortuzarrek, elkarrizketarako eta okerra zuzentzeko borondatea ikusita. Moncloako Itunen gisako bat sinatzeko aurrekaria izan al daiteke aldarte adeitsu hori? Ez zuen argitu, duela ia 43 urte EAJ itun haietan izan zela gogoratu bazuen ere. Euskal indar bakarra izan zen haiek sinatzen. Gaur-gaurkoz, ezin esan oraindik Aitor Estebanek Juan Ajuriagerraren lekukoa hartuko ote duen Moncloako Itunen balizko berredizioan. Jelkideek orduan izandako jokabidea aldarrikatu zuen, ordea, Ortuzarrek, harro; «betikoen», hau da, ezker abertzalearen, kritika gogorrak jasan bazituzten ere.

Eskubideak murriztu

Ezkerreko subiranismoak oraingoan ere posizioa finkatu du, EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegiren bidez. Koalizio subiranista ez dela egongo Moncloako Itunen balizko berredizio batean azaldu zuen, prozesu horretan eskubide sozial eta ekonomikoak «birzentralizatu, urratu eta murriztuko» direlako, eta «formula neoliberaletara» itzuliko direlako.

«Euskal Herriak talentua, energia eta gaitasun intelektual, ekonomiko eta enpresariala ditu, hemen eztabaidatu eta herri honek behar duen bigarren eraldaketarako beharrezkoak diren estrategiak abian jartzeko», azpimarratu zuen.

Inork ez du Sanchezen deia errotik aldaketak egiteko aukera bat bezala irakurri. Asko jota, gaur egungo jokalekua finkatzeko. Maria Chivite Nafarroako gobernuburuak Moncloako Itun berriak osatzeko presidente autonomikoak ere bertan egotea eskatu zuen. Autonomien Estatuaren ondorioa, nonbait.