INFO
Entrevista
Oihana Zamponi
Eusko Diaspora egitasmoaren kudeatzailea

«Euskal diaspora biziki aktibo dago, elkartasun keinuak etengabe barreiatzen ditu»

Oihana Zamponi Baiona eta Lehuntze artean hazi zen. Kazetaritza ikasketak egin ondoren, 2016. urteaz geroztik Eusko Ikaskuntza Iparralde elkartean jardun du komunikazio arduradun gisa. Eusko Diaspora egitasmoa garatzen du bertatik. Hain zuzen ere osasun larrialdiak «zortzigarren probintzia» horrekin zubi lanak areagotzeko «arrazoi bat gehiago» eman dio. Azaldu duenez, «Euskal Etxe gehienak itxi badituzte ere, aktibitate eta zerbitzu anitz ari dira eskaintzen haien kideei sare sozialen laguntzaz».

Oihana Zamponi artxiboko argazki batean, Eusko Ikaskuntzako egoitza aitzinean, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

29 urte ditu Oihana Zamponik. EHUk Leioan duen campusean kazetaritza ikasi ondoren hizkuntza alorreko ikasketak egin zituen Pauen. Konfinamenduaren ondorioz telelana burutzen ari bada ere, euskal diasporarekin harremanak olioztatzeko baliatu nahi du garai berezi hau Baiona eta Lehuntze artean hazi den Zamponik.

Euskal Herria bihotzean atxikitzen duten euskal herritarrengana hurbildu da, galdetegi baten bidez, Covid-19 birusaren hedatzeak euskal diasporarengan nola eragiten duen jakin minez.

Eusko Diaspora elkartea noiz eta zer helburuekin sortu zen?
Eusko Diaspora Eusko Ikaskuntza elkartearen baitan garatu den proiektua da. Eusko Ikaskuntza aspaldidanik hasi zen euskal diasporarekiko harremanak bultzatzen. Hartara, 2000. hamarkadan Eusko Sare sortu zuen, eta horren ondotik Eusko Diaspora. Azkeneko egitasmoa 2013an jarri zen martxan munduan zehar bizi diren euskal herritarren artean zubiak sortzeko helburuz. Proiektua aitzina joan da eta gaur egun gure elkarteak Euskal Herriaren erakargarritasunaren alde lan egiteko ardura ere bere gain hartu du.

Diasporako gazteak Euskal Herrirat erakartzeko programak garatu dituzue.
Diasporatik jiten diren gazteak erakarri nahi ditugu, hemen ikasteko eta bizitzeko gisan. Horrekin batera, Eusko Diaspora erakunde eta enpresekiko kidetzak garatzeaz arduratzen da, besteak beste enpresa egitasmoen berri emanez, hala nola lan eta ikastaroei buruz iragarkiak hedatuz. Eusko Diasporak, finean, Euskal Herriko eta diasporako iniziatiba kulturalei buruzko informazioak hedatzen ditu, euskaldunen arteko harremanak elikatzeko xedez.

Zein ibilbide egin du elkarteak? Ekimenen bat bereziki nabarmenduko zenuke?
Elkartean zenbait aldaketa egin behar genituenez Eusko Diaspora moteldu genuen azken hilabeteetan baina berriro ere emeki-emeki martxan jarri gara. Baionan urtero antolatzen dugu ekimen bat edo bi diasporaren inguruan. 2019an Korrikaren denboran erakusketa bat antolatu genuen. Bertan mundu osoan egiten diren Korrikaren aldeko ekimenen argazkiak ikusgai jarri genituen. 2018an eta 2017an Eusko Diasporako gaualdiak antolatu genituen.

Mundu zabalean dauden euskal herritarren arteko hariak bizkortzeko arrazoi berria bilakatu daiteke maleruski gainean erori zaigun osasun larrialdi egoera?
Uste dut baietz. Argi da egoera hau harremanetan eragin handia izaten ari dela. Nere iduriko eta orain arte ikusi dudanez, hemen bizi diren herritarren eta diasporako kideen arteko harremanak berriz bultzatzen ari dira. Batez ere konfinamendu neurriak indarrean dauden herrietan, sare sozialei esker jendeak kontaktuak areagotu ditu. Galdetegi bat igorri dugu gehienbat jakiteko nola dagoen jendea, ea behar berezirik duten, non dagoen konfinatua... eta ekimen hori berriki abian eman badugu ere nire inpresioa da informazio asko trukatzen ari dela euskal herritarren artean. Euskaldunen arteko elkartasuna famatua da, eta heldu zaizkidan oihartzunengatik errango nuke euskal jatorriko herritar anitz bata bestearengan hurbiltasuna agertarazi eta sare berriak ehuntzen ari direla.

Nola bururatu zitzaizuen inkesta edo galdetegi hori martxan jartzea? Zer sare erabili duzue hori ahal den eta gehien zabaltzeko?
Hasteko telelana egitera behartua izan naiz konfinamendu neurriak direla-eta, beraz Eusko Ikaskuntza elkarteak burutzen dituen beste hainbat lan jarduera alboan utzi ditugu. Baina egoera horretan pentsatu nuen pertsonak etxean daudelako hain zuzen agian aukera hobea dutela erantzunak emateko, are gehiago aintzat hartuta sare sozialetan trukaketa maila handia dagoela. Urteen poderioz Eusko Diaspora proiektuari esker sare bat eraiki dugu eta mundu osoan zehar bizi diren herritarren kontaktuak dauzkagu. Aukera ona iduritu zitzaidan haiekin harremanetan sartzea haien berri izateko eta lekukotasun horiek biltzeko, ondoren sarean zabaltzeko gisan. Helburua euskal diasporako kideen egoera zertan den jakitea da, eta horri buruz informazioa hedatzea.

Euskal Etxeek lan berezia egin dezakete krisi honetan? Dagoeneko oihartzunak izan dituzue agian martxan eman dituzten ekimenei buruz?
Iduritzen zait baietz, euskal etxeek badutela funtzio berezi bat. Hurbiletatik hasita, Frantzian elkarte guztiek, Euskal Etxeek barne, ateak ixteko agindua jaso dute. Hala eta guztiz ere sare sozialei esker harremana mantendua izan da. Esaterako, Bordeleko Euskal Etxeak Euskal Herriarekin lotura duten filma, liburu eta musika zerrenda bat eskaini du. Hego Amerikako zonbait Euskal Etxeren murruetatik euskaldunen arteko elkartasun famatua atxikitzeko deia egin dute Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzen bidez. Euskal Etxeek Euskal Herriari buruzko informazioak zabaltzen dituzte, artikuluak partekatuz. Laburbilduz, fisikoki itxi badituzte ere Euskal Etxeak aktibitate eta baita zerbitzu asko ari dira eskaintzen haien kideei Facebook, Zoom bideokonferentzia sistema eta beste hainbat sare sozialei esker. Izan sukaldaritza klaseak, euskara kurtsoak edota etxean euskal kulturaz gozatzeko aholkuak emanez, lan handia ari dira egiten han-hemenka. Espero dut galdetegiaren bidez lortuko dugula gero eta lekukotasun gehiago biltzea eta horri esker xehetasun gehiago ematea euskal diasporak nola bizi duen osasun krisi hau ezagutzera emateko.