LABek Arcelor Mittal-eko jarduera etetea eskatu du langile bat hil ondoren
LAB sindikatuaren arabera, COVID-19arekin hil den 58 urteko beharginaren heriotza hau «saihestu zitekeen» eta enpresaren datuen arabera gutxienez beste 13 langile daude baja egoeran eta beste zenbait berrogeialdian.
Lesakako Arcelor Mittaleko 58 urteko langilearen heriotzaren berri eman eta senide eta lagunei babesa eta doluminak eskaini ostean, «hildakoaren lantokira joan, gertatutakoa ikertu eta jarduera oro geldiarazteko» exijitu dio LABek Lan Ikuskaritzari, «lan baldintza seguruak egon arte». Sindikatu abertzaleak ohar batean dionez, COVI-19ak jota hil den beharginak Legasako lantegian egiten zuen lan margolari gisa, nahiz eta Lesakakoa izan bere lantokia.
Era berean, «langileen osasuna onura ekonomikoaren gainetik lehenesteko eta jarduera oro geldiarazteko eskatzen diogu multinazionalari, langileen ordezkariekin adostutako segurtasun-protokolo eraginkor bat eduki arte. Ez dugu lantegira onik sartu eta hilkutxa batean irten nahi».
Izan ere, heriotza hori «saihestu zitekeen» LABen iritziz. Jakitera eman duenez, sindikatuak esana zion enpresari segurtasun neurriak hartu behar zirela, «are gehiago martxoaren 13an sintomak zituen lehendabiziko langilea etxera bidali zutenean, baina ez zitzaigun jaramonik egin». Horregatik, LABek salaketa bat jarri zuen Lan Ikuskaritzan martxoaren 17an, segurtasun handiagoak eskatzeko.
Gaur egun, enpresak berak emandako datuen arabera, gutxienez 13 langile daude baja egoeran COVID-19arengatik eta beste zenbait berrogeialdian daude. «Baina ez da lantegi horietara mugatzen den egoera bat ere, izan ere, multinazionalak dituen beste lantegi batzuetan kutsatutako langile gehiago daude».
Lesakako langilearen heriotza «astindu izugarria izan da» LABentzat eta «egungo egoeraren larritasunaren berri ematen digu». Amaitzeko, langileei heriotza hau salatzeko deituko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera dei egiten die.