INFO
Entrevista
Eva
Berra zahar-egoitzako langilea

«Larrialdi egoeran gaude zahar etxeetan eta bakarrik sentitzen gara»

«Larrialdi egoera», langileak «itota, triste, atsekabetuta», babes material falta... Egoera gogorra ari dira bizitzen hainbat zahar-egoitzetan. Donostiako Berran lan egiten du Evak. 

Donostiako Berra zahar-egoitzaren irudia. (Gorka RUBIO/FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Egungo abaguneak muturreko egoera eragin du Euskal Herriko zahar-etxeetan, eta horien adibide da Donostiako Berra zahar-egoitzan bizitzen ari direna. 

Zein egoera duzue une honetan?

Larrialdi egoera bizi dugu. Baja pila bat izan ditugu lankideon artean, eta ez da etorri inor hori kubritzera. Geratu garenak ahal duguna egiten dugu, aiton-amonak gaixorik ditugu… bakarrik sentitu gara.

Zenbat baja kasu izan dituzue orain arte? Eta ez direla kubritu esan duzu?

37 lankide daude etxean. Guztiak ez dira kubritu, ez. Erizaintzan baja kasu batzuk izan ditugu oso zaila izan dena horiek kubritzea, edo hori esan digute behintzat. Ohiko egoeran zazpi izaten dira eta bost izan ditugu. Eta hau oso zaila da kubritzen, lan egiten ari direnak ordu gehiago sartu behar izan baitituzte.

Beraz, baja horiek kubritzeko zuek ari zarete ordu gehiago sartzen…

Bai, pertsonala aurkitu arte ahal duguna egiten dugu gaudenon artean. Egun bat egin dezakegu, baina itota gaude. Laguntza zerbait iristen ari zaigu Altzako anbulategitik, mediku bat eta bi erizain etortzen baitira. Goizean etortzen dira gaixorik dauden aiton-amonak ikustera, eta horri eskerrak, arnasa pixka bat hartu ahal izan dugu.

Gaixorik daudenean diozunean, Covid 19 birusa hartu dutela diozu?

Bai, bai, hala da.

Eta babeserako materialaren aldetik, nola zaudete?

Orain badugu material zerbait, baina oso eskasa da. Ez da aproposena lana egiteko. Bidaltzen dizkiguten EPIen artean, adibidez, gorputza babesteko poltsa txuri moduko batzuk ditugu eta asko izerditzen dugu horiekin; eskularruak ere ez dira mauka luzekoak… badugu materiala, baina gutxi, eta iristen dena ere tantaka iristen zaigu.    

Hasieratik egon gara horrela, denbora guztian pentsatzen nola erabili gutxi zegoelako. Saiatzen gara materiala lixibarekin garbitu eta berrerabiltzen ere.

Esan daiteke bizi duzuen egoera bi arrazoiengatik dela, bajak ez direlako kubritzen eta materialaren falta sumatu duzuelako?

Bai. Guztia batera doa: pertsonal gutxi, lan gehiago, urduri gaude… baldintzak ez dira onak. Guretzat aiton-amonen beharrak dira lehentasuna. Gogoratu behar dugu 254 egun generamatzala greban, eta lehen zentroa izan ginen esaten greba geratu egin behar genuela egoera honengatik guztiagatik, lehen lerroan egon behar genuelako.

Nola ikusten dituzu lankideen arteko animoak?

Denetarik dago, baina oso momentu txarrak bizi ditugu. Triste eta atsekabetuta gaude. Ikusten ari ginen zer zetorkigun gainera, eta orain ikusteak aiton-amonak nola ari diren joaten… Guretzat ez dira aiton-amonak bakarrik; zortzi orduz egiten dugu lan beraiekin egunero, eta zure familia bilakatzen dira azkenerako. Eta ikusteak nola ari diren joaten, familia gabe… ez daude bakarrik, gurekin daudelako, baina egoera oso heavya da.

Eta egoiliarrek zer diote egoeraz?

Galderak egiten dizkigute, «zer da birusaren kontu hori? Zer egiten duzue horrela mozorrotuta?…» Egunero saiatzen gara irrifarrez egoten, elkarrizketan egin, familiarekin bideo-deiak denbora dugunean…

Zuen egoera salatzeko izan al duzue harremanik agintariekin?

Nik ez dakit ezer. Dakigun bakarra da medikua eta bi erizain etorriko direla Altzako anbulategitik, eta hortaz gain, Aldundiak egunero kaxa bat eskularru edo maskarila bidaltzen digula, besterik ez. Guregana ez da inor etorri nola gauden galdetzera.

Pentsatzen dut enpresak harremana izango duela Aldundiarekin, baina nire ustez bakarrik zenbakiak ezagutzeko. Nire ustez ez dute egin behar dituzten gauzak egiten; ez dakit non dauden, baina gure sentipena beti izan da zahar-egoitzak ez direla inoiz kontuan izan, eta egoera honetan are gutxiago.

Zer egin liteke egoera hau konpontzeko?

Pertsonal gehiago ekarri, baita EPI gehiago ere, eta batez ere, testak egitea mundu osoari. Ez du balio esatea sintomak ez dituenez ez dietela testa egingo, ez. Denei egin behar diete testa. Oso garrantzitsua da jakitea lana antolatu ahal izateko. Testak dira giltzarria.