Lakuak uste du portuetan protokoloa errespetatzen dela eta prest daudela antxoarekin hasteko
Lakuako Gobernuko Ekonomia Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak ziurtatu du Bizkaia Irratian arrantzaleak «oso ondo» ari direla «segurtasun protokoloak betetzen» antxoaren kanpaina abiatzeko. Datorren astelehenean abiatuko da antxoaren kostera eta egun bakoitzean itsasontzi bakoitzak 6.000 kilo arrantzatzea adostu dute arrantzaleek.
Antxoaren kostera datorren astelehenean abiatuko dute Bizkai eta Gipuzkoako baxurako ontziek. Koronabirusaren osasun krisiaren albo-kalteen ondorioz eta martxoaren erdialdean antxoa txikia zegoela ikusita, apirilaren erdialdera atzeratzea erabaki zuten. Azkenean, apirilaren 20a jarri zuten kanpainaren hasiera gisa.
Astelehenean abiatuko dira, beraz, antxoaren kosterarekin eta LABek salatu du Lakuako Gobernuak arrantza alorrean Covid-19aren aurka prestatu duen protokoloak gabeziak dituela. Neurri zehatzagoak exijitu ditu sindikatuak; esaterako, itsasontziak irten aurretik desinfektatuak izan daitezela, arrantzaleek behar dituzten NBEak izan ditzatela eta itsasoratzea era mailakatuan egin dadila.
Gasteizko Gobernuko Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak, aldiz, ziurtatu du segurtasun protokoloa «oso ondo betetzen» ari direla eta hortaz, prest daudela antxoaren kostera abiatzeko. Nabarmendu du, berdelarekin arazorik egon ez den bezala, antxoaren kanpainan dena zuzen joatea espero dela.
Bizkaia Irratiko mikrofonoetan zehaztu du arrainaren kontsumoak behera egin duenez arrantzaleak adostasun batera iritsi direla eta erabaki dutela ontzi bakoitzak eguneko 6.000 kilo arrantzatzea. Aurreko urteetan egunean 10.000 kilo arrantzatzeko baimena zuen barku bakoitzak.