INFO

Konfinamendua leuntzearen baitan euskal presoak hurbiltzea eskatu du Etxeratek azken ostiralean

Alarma egoerak, konfinamenduak, hilabeteko bi azken ostiral hartu ditu bere baitan. Kartzeletarako bisitak debekatuak izan dira eta Etxeratek adierazi du «euskal gizartearengan pandemiak eragindako ondorio mingarriak areagotzen ari» direla. Horregatik, konfinamendua leuntzearen baitan, euskal presoak lehenbailehen hurbildu behar direla azpimarratu du.


Apirileko azken ostiralean ere ez dira kaleak beteko, ehunka familia ez dira abiatuko preso dauden senideak bisitatzera. Gatibu dauden senitartekoak ezin bisitatzeagatik eta arrisku taldekoak diren presoak –gaixotasun larriak dituztenak eta 65 urtetik gorakoak– ez etxeratzeagatik «euskal gizartearengan pandemiak eragindako ondorio mingarriak areagotzen» ari direla adierazi du Etxerat elkarteak.

Hilabeteko azken ostiralean egin ohi duen irakurketaren baitan, euskal preso politiko eta errefuxiatuen senitartekoen elkarteak exijitu du presoen hurbiltzea lehentasuna izan behar dela Estatu espainol eta frantsesean konfinamendua leuntzen hasten direnean, ahal bezain laster, «gehiago luzatu gabe».

Egun ziurgabetasuna dagoen moduan konfinamendua leuntzen hasten den fasera begira ere ziurgabetasunaren joera da nagusia; izan ere, Etxeratek aurreikusten du bidaia luzeak murriztuak izango dirla espetxeetan bisitak berrezartzen direnean.

«Horregatik uste dugu, ahal bezain laster, presoak hurbildu behar direla. Ziklo hau igaro ondoren, hain gogorra eta zaila denontzat, euskal gizartea normalizaziorantz doanean, behingoz egin beharra dago, lastrerik gabe eta sufrimendurik gehitu gabe», aldarrikatu du.

Prebentzio eta babes falta

Osasun krisi honetan, guztiei gertatzen zaien bezala, familia da kezkarik handiena. «Ezinegona sortzen digu espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan dauden gure senide presoen egoerak, eta orokorrean, gatibu dauden pertsona guztiek behar dute gure arreta», azpimarratu du Etxeratek.

Presoen eskubideak are gehiago urratzen ari direla ohartarazi du, pertsona izatearen gainetik preso izaera nagusitu delakoan daude. Egunotan elkarteak aipatu ditu espetxeetan bermatu ez diren hainbat oinarrizko neurri eta azken ostiralean berriro zerrendatu ditu.

Estatu espainolean alarma egoera deklaratu zenetik 40 egun baino gehiago igaro direnean, nazioarteko erakundeek gomendatutako neurri espezifiko bat bera ere ez da abian jarri, besteak beste, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Europako Kontseiluak eta Torturari Aurrea Hartzeko Batzordeak gomendatutakoak. 

Etxeratek nabarmendu du ez direla kontuan hartu 50 erakunde eta gizarte eragile baino gehiagok egindako proposamenak eta ondorioz, «ez da espetxeetako superpopulazioa murriztu nahi izan, baldintzapeko askatasun egoeran dauden presoak kartzelatik ateraz eta askatasunik gabeko zigorren ordezko neurriak bilatuz». Arrisku handieneko bi taldeetako presoek –gaixotasun larriak dituztenak eta 65 urtetik gorakoak– gatibu jarraitzen dute.

Horretaz gain, ez zaie eman prebentzio, babes eta desinfekzio elementurik eta berez eskasak diren zerbitzu medikuak ez dira indartu. «Espetxeetako agintariek hartutako neurri bakarrak kartzela zigorrak areagotu eta familia loturak murrizten dituztenak izan dira, baina ezta bat ere ez da izan espetxean dauden pertsonak kutsatzeko arriskua murrizteko helburuarekin», salatu du.

Balkoietatik txistu egitea

Martxoan gertatu bezala, apirileko azken ostiralean ere bakoitza bere etxean egon behar denez, ekimen ezberdin bat prestatu du Etxeratek. Herritarrei dei egin die 19.30etan balkoi edo leihoetara atera eta hiru txistu egiteko, «euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin amaitzeko».

Ekintza hori bideo batean grabatu eta sare sozialetan elkarbanatzera animatzen ditu euskal herritarrak, #etxeannahiditugu traola erabilita. Korreo helbideak edo telefono zenbakiak ere elkarbanatu ditu bideo hauek bertara bidaltzeko.

Bestalde, Sare Herritarrak eta Etxerat Elkarteak elkarlanean, 'Etxetik etxera II' saio berezia prestatu dute. 19.00etatik aurrera Sare Herritarraren Facebook eta Youtube kontuetan argitaratuko dute; Hamaika Telebistan ere ikusgai egongo da.