INFO

Ordenagailu eramangarriak Belgikako espetxeetan, presoek «bideobisitak» jaso ditzaten

Belgikako Gobernua ordenagailu eramangarriak banatzen hasi da espetxeetan, presoek euren familia eta gertukoekin birtualki komunikatzeko aukera izan dezaten.

Preso estatubatuar bat, Kaliforniako espetxe bateko erizaindegian. (Sandy HUFFAKER/AFP)

RTBF kate publikoak bildutako adierazpenetan Koen Geens Belgikako Justizia ministroak jakitera eman duenez, ostiral honetan hasi dira ekipamendu informatikoak espetxeetan banatzen, eta datorren astean amaitzea espera dute.

Zehazki, 100 presoko ordenagailu bat banatzea aurreikusi dute.

Ordenagailuak segurtasun-neurri desberdinez hornituta daude eta komunikazioetarako softwarea ere instalatuta dago; beraz, ekipoak erabiltzeko prest daude.

Bisitak egiteko zerrendetan dauden pertsonek edo legeak baimendutakoek har dezakete parte ekimen honetan. Presoak pertsona bat hauta dezake bideokonferentzia egiteko eta, lehenik, «bisitariaren» helbide elektronikoa eman beharko du.

«Bideobisitak» 20 minutu iraun dezake eta, ordenagailu kopurua aintzat hartuta Gobernuak aurreikusi duenez, astean gutxienez komunikazio bat egin ahal izango dute presoek.

Ministroak Radio1 irrati kateari azaldu dio koronabirusak eragin mugatua izan duela oraingoz herrialdeko espetxeetan. Egun, berrogeita hamar bat presok sintomak agertu dituztela zehaztu du, baina ez diete testik egin, eta, ondorioz, bakartuta daude ziegetan.