INFO

Gipuzkoako Aldundiaren langileen eta egoitzen babes neurrien gabeziak salatu dituzte

Gipuzkoako 20 egoitza baino gehiagotan eginiko inkesta baten ondorio «negargarriak» azpimarratzen dituzte hainbat sindikatu eta eragilek txosten baten bitartez, langileentzat ezinbesteko diren «informazioa, prestakuntza, prebentzioa, babes neurriak eta antolaketa neurriak falta» direla ondorioztatzen baitute, Aldunditik erantzunik ez datorren bitartean.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek ezin dute bete behar bezala beren lana, Foru Aldundiak babesik gabe laga dituelako, sindikatuen arabera. (Juan CARLOS RUIZ / FOKU)

LAB, CCOO, ESK eta Jendartelanak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte sailaren «plangintza falta» salatu dute.

Txosten baten bitartez, aipatutako erakundeek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hilaren 14n eginiko bilera eta eskabideen berri ematen dute, eta administrazioaren erantzun faltaren ondoren, herrialdeko «20 egoitza baino gehiagotan –gehienak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak eta, kasu batzuetan, udalentzat zerbitzua ematen duten enpresek edo erakundeek kudeatuak– prebentzioaren arloan nagusitzen den egoerari buruzko informazioa» biltzeko inkestaren emaitzak publiko egin dituzte.

Ateratako ondorioak «negargarriak» dira. «Informazioa, prestakuntza, prebentzioa, babes neurriak eta antolaketa neurriak falta» direla izan da ondorio nagusiena.

«Aztertutako baliabideen heren batean ez da egunero garbitzen edo desinfektatzen; %40an ez da prestakuntzarik jaso, eta %60an inor ez da berariaz prebentzioaz arduratzen», ondorioztatu dute. Horrez gain, «erantzun duten profesionalen bi herenek baino gehiagok uste dute ikuskapen zerbitzuek ez dutela ezer egin, egindakoa ez dela nahikoa izan edota ez dela egokia izan», gaineratu dute.

Bestetik, «irizpide desberdinak daudela begibistan geratu» dela diote, eta horrek «babes sare berdinetan baliabideen arteko desberdintasun kezkagarriak sortzen» dituela. Txostenaren arabera «horrek lotura estua du azpikontratazioan oinarritutako zerbitzu eredu nagusiarekin; izan ere, eredu hori ez da eraginkorra eta kaltegarria da egoera normal batean dauden baliabideetarako zerbitzu estandar batzuk koordinatzeko eta homologatzeko».

Beraz, egungo «osasun krisialdiko egoeretan erabiltzaileek eta langileek babesgabetasun nabarmena» dutela ondorioztatu dute.

Horren ondorioz, «langileak eta erabiltzaileak arrisku onartezinen eraginpean» jartzen ari direla gaineratu dute. Ondorioz, administrazio publikoei «erantzukizuna eta ekintzak» exijitu dizkiete beren zerbitzuetan, «azpikontratazioa amaitzea» hasteko, «prekarietatea sortzen» duela iritzita.

Gainera, ez dute ahaztu «patronalak, III Gipuzkoako Esku-hartze sozialeko hitzarmenerako proposamenean, lan-osasuneko batzordea ezabatu nahi» izan zuela.

Apirilaren 14ko bilerako edukia

Hilaren 14an, LAB, CCOO eta ESK sindikatuetako ordezkariek Gipuzkoako Esku-hartze Soziala, Jendartelana sektoreko langileen batzarrarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte politiketako saileko arduradun nagusiarengana jo zuten. «Covid-19ak eragindako krisiak, pandemiaren hedapena dela-eta, babeseko egoitza-baliabideen kudeaketarekin kezkatuta», argitu dute.

Bilera horretan jakinarazi eta azpimarratu zuten azpikontratatutako erakunde eta enpresa asko eta asko ez direla gai prebentzioari dagozkion kontuak behar bezala betetzeko.

Ondorioz, egoitza-baliabideetako plantilla asko beren baitan egonik, Gipuzkoako Foru Aldundiari neurrion kudeaketa osoa bere gain har zezala eskatu zioten, azpikontratatutako gizarte zerbitzuen titular eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen dela bermatuz.

Ildo horretan, ondorengo neurriak martxan jartzea eskatu zioten Aldundiari: jarduera protokolo bakarra eta beronen garapena; norbera babesteko ekipamenduak banatzea, hauek erabiltzeko moduak eta baliabide guztietan eskuragarri daudela bermatuz; egoitza-baliabideen egoerari buruzko informazioa, epidemiari dagokionez; egoiliarrei eta egoitzetan zerbitzua ematen dutenei proba diagnostikoak egiteari buruzko informazioa; jardueraren jarraipen-planak, langileen laneko bajak areagotu daitezkeenean edo lantokian transmisio-arriskua areagotzen denean.

Horrez gain, beste puntu batzuk ere martxan jartzeko nabarmendu zuten: Covid-19arekin harremanetan egon diren langileentzat ostatua; krisi berriak berriro gertatuz gero, egun gertatzen den gauza bera gerta ez dadin neurriak planifikatzea; pandemia egoerarako sortutako larrialdi baliabideen egoera eta etorkizuna zehaztea; mugigarritasun funtzionaleko eta zerbitzu-mugigarritasuneko kasuetan, laneko segurtasunari eta osasunari buruzko legedia betetzea.