Shengelia: «Jokalariok pozik gaude klubarekin lortu dugun akordioarekin»
Baskoniak kapitainaren mezu bat zabaldu du, egungo egoerari errepasoa egiteko. Georgiarraren ustez, jokalariek klubarekin lortu duten akordio ekonomikoa «oso garrantzitsua» da bi aldeentzat, eta argi utzi du lanean ari direla «Ligarekin jarraitzea erabakiko balitz prest egoteko».
Baskoniak Tornike Shengelia taldeko kapitainaren mezu bat zabaldu du, egoerari errepaso txiki bat egin eta jarraitzaileei bere mezua helarazteko. Baskonia zaleei «egun hauetaz ahal den neurrian gozatzea eta batez ere osasuna izan dezatela» opatzeaz gain, taldeak jokalariekin lortu duen akordio ekonomikoa izan du hizpide.
«Gure aldetik daukagun berri nagusia jokalariok klubarekin lortu dugun akordioa da. Uste dut oso garrantzitsua dela, bai klubarentzat eta baita jokalarientzat ere, eta eskerrak eman nahi dizkiot klubari ados jartzea lortu dugulako. Jokalariok pozik gaude lortu dugun akordioarekin», azaldu du Shengeliak bere mezuan.
Horrez gain, jokalariek lanean jarraitzen dutela argitu du, ator daitekeenari behar bezala aurre egiteko. «Jakinarazi nahi dizuet lanean jarraitzen dugula, bai bakarka eta baita taldea eginez ere, batez ere sasoiari eusten, etor daitekeenari aurre egiteko. Ligarekin jarraitzea erabakiko balitz, gu lanean ari gara prest egoteko».
Georgiarrak kirolaz haratago doazen hitzak ere izan ditu bere bideomezuan. «Eskerrak eman dizkiet eta gure babesik handiena erakutsi egoera honetan benetako heroiak direnentzat, egunero jo eta ke lanean dabiltzan langileei, alegia: osasun langileak, supermerkatuetakoak… Borroka honetan lehen lerroan dauden guztiei, bai nire familiaren partez eta baita talde osoaren partez ere, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet».
«Laister ikusiko garelakoan, ea berriz ere Buesan elkarrekin gozatzeko aukera dugun berandu baino lehen», esanez amaitu du Shengeliak zaleei zuzendu dien mezua.