Azken hiru hildakoekin 160 dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan zendu diren erabiltzaileak
Arabakoetan, aldiz, ez da heriotzarik izan eta kutsatutakoen zenbakiak behera egin du.
Azken orduetan Aretxabaletako GSR egoitzan, Arrasateko Iturbiden eta Ordiziako San Josen hildako hiru lagunekin, denera 160 dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan Covid-19aren eraginez hildako pertsonak. Eider Mendoza foru bozeramaileak emandako datuen arabera, beste bi lagunek senda agiria lortu dute eta beste batek positibo eman du koronabirusaren frogan. Denera, beste 181 pertsonek jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin.
Hobeak izan dira Arabako datuak, azken orduetan ez delako hildakorik izan, orotara 136 izan dira sendatutakoak, eta beste positiborik jazo ez den bitartean, beste lau lagunek lortu baitute gaixotasuna gainditu izanaren senda-agiria. Dagoeneko 147 dira osatutakoak, aurreko asteko bikoitza.
Mendekotasuna duten pertsonentzat plana
Bestalde, Eider Mendoza bozeramaileak jakitera eman duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko udalekin lankidetzan eta beraiekin koordinatuta, jarduketa plan bat diseinatu du mendekotasuneko prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonentzat, eguneko zentroetako erabiltzaileentzat eta zaintzaileentzat. Helburua da prestazioei buruzko informazioa ematea, eguneko zentroen hartzaile eta erabiltzaileen jarraipena areagotzea, gaixotasunaren prebentzioan sakontzea, eta prestazioak izapidetzeko ordezko bideak eskaintzea.
Horrela, hainbat neurri ezarri dira; babes-materiala banatzea laguntza pertsonaleko zaintzaileak dituzten 6.000 etxeetan, baita laguntza pertsonalaren alorrean lan egiten duten erakundeetan ere; udaleko gizarte zerbitzuek banakako jarraipena egitea prestazioak jasotzen dituzten pertsonei, eta eguneko zentroetako langileek zentro horietako erabiltzaileei; eta Gizarte Politiketako Departamentuarekin prestazioak zuzenean telematikoki egiteko aukera ematea.
Era berean, Telezaintza zerbitzuaren bidez (900 43 43 43) arreta psikosozialeko zerbitzu bat martxan jarri da, baita ere zaintzaileei zuzendutako taldekako esku-hartze zerbitzu bat, bideokonferentzia bidezko saioen bidez laguntza emozionala eman eta sare soziala indartzeko. Azkenik, laguntza eskaini dezaketen erakundeen zerrenda bat sortu da, lagungarria izan daitekeen informazioa biltzen duena.