60 milioi disko saldu aurretik, Green Day Andoaingo gaztetxetik pasa zen eguna
Green Day talde amerikarrak 60 milioi disko inguru saldu ditu eta hiru Grammy sari ere bereganatu ditu 33 urteko ibilbide luzean. Bidean, Andoiango gaztetxe zaharrean izan ziren. Gaur 27 urte bete ditu kontzertu hark eta gaztetxeak ikusgai jarri du, osasun krisi honek sortutako konfinamenduan nostalgiak eta musikak, berriz ere, bat eginez.
Gaur 27 urte dira, Green Day talde amerikarrak Andoaingo gaztetxe zaharrean bigarren kontzertua eskaini zuenetik. 1990ko apirilaren 13an aurkeztu zuten ‘39/Smooth’ albumaren baitan Europa osoko eszenatokietan zeha ibili ziren, tartean Laudioko eta Andoaingo gaztetxeetan, 1991ean lehenik eta 1993an ondoren, hurrenez hurren.
Koldo Otamendik egun hartan egin zuen kronika azaltzen du zer nolako ikusmina sortu zuen kontzertuak. «Susto ederra hartu genuen ordua iritsi eta taldekideak azaldu ez zirenean. Jende multzo handi bat bildu zen gaztetxearen inguruan, azkenaldian bildu den handiena, dudarik gabe». Green Day taldekoak agertu ziren, bai, ordubete berandu eta jende askok ordurako alde egin zuenean. «Abiadura, indarra eta melodia», taldearekin batera beti izan diren hiru ezaugarri, nabarmendu zituen egun hartan ere Otamendik.
Gaur egun, taldea horrela dago osaturik: Billie Joe Armstrong (ahotsa eta gitarra elektrikoa), Mikel Dirnt (baxua eta (koroak) eta Tré Cool (bateria). Laguntzaile-kideak Jason White (gitarra elektrikoa), Jason Freese (teklatua eta saxofoia) eta Ronnie Blake (tronpeta) dira. Azken hiru hauek ez ziren taldearen parte Andoainen eskainitako kontzertuan.
1993ko bira hau eta gero etorri zen taldearen lehen gorakada nabarmena. Ohikoa zen, adibidez, MTVn bere bideoak ikustea. Ordutik, beste sei lan kaleratu dituzte, zein baino zein arrakastatsuagoak. Mundu osoan ezaguna egin zen, besteak beste, 2001eko irailaren 11an New Yorkeko dorre bikietan izan ziren erasoen ondotik, urte batzuetara kaleratutako ‘American idiot’ lana. Amerikar punk-rocka bai, baina estilo ugari landuta, berritasun mordo bat plazaratuta eta, askotan, bereizgarri egin dituen nahasketa izan ditu Green Dayk ikur moduan.