Maiatzaren 11tik haurrak eskolara Estatu frantsesean, kirola banaka eta tabernak, agian, uztailaren 2an
Edouard Philippe lehen ministroak «konfinamendua amaitzeko Estrategia Nazionala» aurkeztu du Asanblea Nazionalaren aurrean. «Babesa, testak egitea eta isolamendua» izango dira estrategiaren zutabe nagusiak. Maiatzaren 11etik aitzina, haurrak eskolara eta dendak ireki. Maiatzaren amaieran jakinaraziko dute tabernek uztailaren bitik aitzina ireki dezaketen.
Franztiako Asanblea Nazionalean Edouard Philippe lehen ministroak «Konfinamendua amaitzeko Estrategia Nazionala» aurkeztu du. «Iritsi da momentua frantziarrei esateko nola itzuliko diren bizitzara» esanez hasi du bere hitzaldia lehen ministroak.
Maiatzaren 11etik aitzina «zirkulazio librea» berrezarriko da Estatu frantsesean. Ondorioz, Ipar Euskal Herriko herritarrek agiri berezirik gabe irten ahal izango dute, eta liburutegi, museo, denda eta haur eskolek haien ateak ireki ahal izango dituzte. Ordea, jatetxe, taberna eta hondartzek itxita jarraituko dute, desplazamenduak mugatuak izango dira, eta, bilkura publiko nahiz pribatuetan ere, jende kopurua mugatua izango da.
«Babestu, probak egin, isolatu» izango da Gobernu frantsesaren estrategia itxialdiari modu mailakatuan amaiera emateko. Astero 120 milioi maskara banatu eta 700.000 test egingo dituzte Estau frantses osoan maiatzaren 11etik aurrera.
Herritarrek beharrezko segurtasun neurriak hartuz birusarekin bizitzen ikasi beharko dutela iragarri du Edouard Philippe lehen ministroak. Bere esanetan, ardura pertsonala izango da isolamenduari aurre egiteko bitarteko nagusia eta horrela emango diote amaiera itxialdiari, «modu mailakatuan eta mugatuan».
Maiatzaren 11etik aitzina
Zirkulazio askea itzuliko da. Herritarrek ez dute orain artean bezala agiri baten beharrik izango kalera irteteteko. Hala ere, 100 kilometro baino gehiagoko desplazamenduak debekatuta egongo dira.
Irakaskuntzan haur eskolen irekierarekin hasiko dira. Ikasleek maskarak jantzi beharko dituzte eta 10 laguneko geletan sakabanatuko dira. Horren ostean, maiatzaren amaieran erabakiko du gobernu frantsesak Lizeoak irekitzen dituen.
Merkataritzan ere irekiera arloka gauzatuko da. Maitzaren 11etik aitzina dendak ireki ahal izango dira, baina taberna eta jatetxeen irekiera noiz izango den maiatzaren amaieran jakin araziko dute. Edonola ere, uztailaren bitik aurrera tabernak irekitzeko aukera dagoela nabarmendu du lehen ministroak.
Jende pilaketak ekiditeko zenbait neurri ere aurkeztu ditu Edouard Philippek. Bilkura publiko zein pribatuetan, gehienez 10 pertsona egon ahal izango dira elkarrekin, hiletetan gehienez 20 lagun bildu ahal izango dira, eta 5.000 pertsona baino gehiago bil ditzaketen ekitaldi guztiak bertan behera geratuko dira.
Ekainaren 2a bitartean, hondartzek itxita jarraituko dute, ekitaldi erlijiosoak ezingo dira egin eta herriko etxeetan ezkontzak egiteko aukera soilik kasu berezietara mugatuko da. Bestalde, «kirol eta kultura mailako ekitaldi handiak» egiteko aukerarik ez da izango, gutxienez iraila arte.
Departamenduka
«Estrategia nazionala departamenduen errealitateen arabera egokitu beharko da», azaldu du Philippe ministroak. Horrela, departamendu bakoitzean birusak duen eraginaren arabera mapan kolore gorriz edo berdez seinalatuko da eta maiatzaren 7an koloreen araberako estrategia ezarriko du Gobernu frantsesak eskualde bakoitzean.
Zentzu honetan, oroitu behar da Pirinio Atlantikoetako departamendua osatzen duten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, zein Bearnoan, egoera lasaia dela beste eskualde batzuetan Covid-19ak izan duen eraginarekin alderatuz.
Aipatu koloreen arabera, departamendu bakoitzeko mugak eta baldintzak alda daitezke, baina edonola ere,herritarrei dei berezia egin die Philippek egoeraren neurria uler dezaten eta zentzuz joka dezaten. «Bigarren olatu baten posibilitatea erreala da eta serio hartu behar da», ohartarazi du Gobernu frantseseko ordezkariak.
Enpresari guztiei haien lantokietan neurriak hartzeko gonbidapena ere luzatu die Frantziako Gobernuak, izan ere itxialdia pixkanaka amaitzeko plantan ezarriko diren neurriak bertan behera gera daitezke egoerak berriz ere okerrera egiten badu. Gauzak honela, datorren hiru asteetan etxetik lan egin dezaketenei telelana egiten jarraitzeko eskatu die Gobernu frantsesak.