INFO

LAB: «Kapitalaren boterea fronte guztietan borrokatuko dugu»

«Kapitalaren boterea fronte guztietan borrokatuko dugu: enpresetan, kalean eta instituzioetan», nabarmendu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Maiatzaren Lehena dela eta Youtuben zabaldu duen mezuan.

LABeko kideak Bilboko kaleetan, koronabirusak markaturiko baldintzekin. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Konfinamendu egoera honetan, espetxean daudenak gogoan izanda hasi du interbentzioa Aranburuk. Lau lagunek 30 urte kartzelan egin dituztela eta beste 53 dira 20 urte baino gehiago espetxetan daramatzaten presoak. Honekin batera, konfinamendua erasotzaileekin pasa behar duten emakumeak gogoratu ditu.

«Lehenenik, gogoratzea krisi honen hasieratik esan duguna, bizitzen ari garena osasun krisia baino askoz gehiago da, sistema bera da krisian dagoena, sistema da gaixo dagoena; zaintza krisia, krisi ekologikoa, krisi soziala, horiek guztiak pilatzen dira sistemaren krisiaren baitan», nabarmendu du Aranburuk.

«Indarrean dagoen eredu kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida honek ezinezkoa bilakatzen du bizitza duina. Gogoratu behar dugu urte hasiera hau oso latza izaten ari dela langileontzat. Oso latza, dagoeneko 29 direlako beraien bizia lanean utzi behar izan duten langileak eta bi gehiago desagertuak daudenak. Guztiz onartezina da egoera», gaineratu du.

Krisi honetan ezinbestekoa zer den agerian gelditu dela azpimarratu du Aranburuk. «Kasu gehienetan emakumeon betetzen ditugun lanak, inolako aitortza politikorik, ekonomikorik edo sozialik gabe. Baina bai, guk aitortzen ditugu lan horiek, eskertzen eta txalotzen ditugu langile horiek. Eta esaten dugu ere, txaloetatik harago joan nahi dugula, txaloetatik harago, beraien bizi baldintzak borrokatzen jarraituko dugula», esan du.

Kapitalaren eredua

«Testuinguruaz egiten dugun irakurketa honetan, arreta jarri nahi dugu pandemia egoera hau nola baliatzen ari den berriro ere kapital-bizitza talka horretan sakontzeko. Konfinamendu eredu hau kapitalaren, enpresa handien interesen arabera diseinatua izan da, hartzen ari diren erabakietan pertsona eta osasuna ez daude erdigunean. Eta horrek, gu guztiok, herritarrok, konfinamendu gogor bat pairatzera eraman gaitu», salatu du, Estatuak ere zentralizioa bultzatzen ari dela gaineratuz.

«Krisi honen ondorio ekonomiko eta sozialak bortitzak izaten ari dira eta izaten jarraituko dute. Kapitala hurrengo faserako prestatzen ari dira, baina gu ere bai, langileok ere bai. Indar harremanak markatuko du datorren agertokia. Eta gu prest gaude eszenatoki hori borrokatzeko. Kapitalaren boterea fronte guztietan borrokatuko dugu: enpresetan, kalean eta instituziotan. Orain da garaia, krisi honetan zehar dogma neoliberaletariko asko erori egin baitira. Krisi honetan zehar agerian geratu da eredu hau jasanezina dela, eta horrek aukera berria ematen digu», aldarrikatu du.

Gauzak horrela, transizio ekofeministari heltzeko garaia heldu dela azpimarratu du LABeko idazkari nagusiak. «Orain da momentua, geroz eta jende gehiagok ikusten duelako, gehiengo zabal batek ikusten duelako, lan eta bizi duina bermatu behar zaiola herritar orori. Gehiengo zabal batek ikusten du sektore publiko indartsu bat behar dugula, osasun sistema publiko indartsua izango duena. Orain da momentua, gehiengo zabal batek argi duelako zaintza eredu hau aldatu behar dela, zaintza lanak aitortu eta berrantolatu behar direla.

Euskal Herritik

Borroka hori Euskal Herritik egin behar dela gaineratu du. «Hemen egin behar dugu bizitza erdigunean jartzeko eredu berri baten aldeko borroka, herri burujabetzaren bidetik eta beti ere, euskal errepublika sozialista eta feminista ortzimugan. Krisi honek utzi duen beste irakasgaietako bat oso argia delako, Estatuak beharrezkoak dira, orain berriro ere inoiz baino nabariago geratu da hori».

«Eraldaketa sozialaren aldeko bide horretan LABetik indarrak metatzearen aldeko apustua egin dugu. Bide hori ez dugu bakarrik egin nahi. Euskal Herrian gehiengo sindikal eta soziala gara bide horretan sinesten dugunak», nabarmendu du.

«Guk beti egin dugu konfluentziaren alde, eta hori da gaur Ipar Euskal Herrian ere erakusten ari garena. Hori da bidea, eta horretan sinesten dugu. Gogoratu behar dugu Euskal Herrian mobilizazio sozialeko urte garrantzitsuak izan ditugula, mobilizazio sindikaleko urte garrantzitsuak izan direla, eta urtarrilean Greba Orokor batean amaitu genuela. Urtarrilean ofentsibara planteatu genuen Greba Orokorra, bizitza duinaren alde. Eta krisi honetan zehar ere Euskal Herriak erakutsi du zaintza sare herritarrak antolatzeko gaitasuna duela, krisi honetan zehar ere, konfluentzia horretan, Eskubide Sozialen Kartan erakutsi dugu gaitasuna dugula proposamen eraldatzaileak egiteko, eta hori da gure ustetan jarraitu beharreko bidea, karril horretatik, bide ofentsibo horretatik ez gaituzte aterako», erantsi du.