INFO

Kataluniak neurtuko du Sanchezen «asimetria»: 1. faserako, hiru eskualde baino ez ditu proposatu

Generalitateko Osasun sailburuak, Alba Verges-ek, jakinarazi du Kataluniako Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoak (Procicat) Gobernu espainolari proposatu diola Alt Pirineu i Aran, Camp de Tarragona eta Terres de l'Ebre eskualdeak astelehenean deskonfinamendu planaren 1. fasera pasa daitezela. Gainerako lurraldeek 0 fasean segituko lukete.

Gazte bat patinarekin, Bartzelonan. (Pau BARRENA/AFP)

Pedro Sanchezen Gobernuak deseskalatze plana iragarri zuenean iragarri zuen plan «asimetrikoa» izango dela, eta hala, probintzia bakoitzak, koronabirusak kutsatutako pertsonen datuen arabera, egingo zuela aurrera fase bakoitzean. Probintziak izango lirateke, beraz, erreferentziazko esparruak edo lurralde unitateak.

Kataluniak, baina, aurrez ere Espainiako Gobernuari proposatu zion lurralde unitate hori txikitzea, probintziak beharrean «osasun-eremuak» kontuan hartuta. Asteazkenean, halaber, Alba Vergés Osasun sailburuak eskaera zehatza egin dio Madrili: Alt Pirineu i Aran, Camp de Tarragona eta Terres de l'Ebre eskualdeak deseskalatze planaren 1. fasera igaro daitezela, Covid-19ak kutsatutakoen datuek horretarako aukera ematen duela iritzita.

Verges-ek zehaztu duenez, Lleida, Catalunya Central, Girona, Metro Nord eta Metro Sud eskualdeak arrisku ertainean daude, eta Bartzelona da arrisku epidemiologiko ertain-handiko lurralde bakarra Katalunian.

Sanchezen Gobernuak proposamena onartuko ote duen galdetuta, Verges baikor agertu da, eta esan du «probabilitatea oso handia dela, Estatuan ere indarrean dauden irizpide zientifiko eta teknikoek bermatutako proposamen zuhurra delako».

Bestalde, sailburuak nabarmendu du Kataluniako osasun-eskualde bat ere ez dagoela arrisku handian, nahiz eta onartu duen «ez dela erlaxatzeko arrazoia, oraindik birusaren transmisio komunitarioa dagoelako».

Madrilek, aldiz, osorik nahi du

Bestalde, Madrilgo Erkidegoko Gobernuak Pedro Sanchezi galdegin dio deseskalatze planaren 1. fasean sartzeko, elkargo osoa.

Ignacio Aguado Erkidegoko lehendakariordeak bi egun zeramatzan esanez probintzia «prest» dagoela fasez aldatzeko, eta, hain zuzen, ziurtatu zuen «ulertezina» izango zela Pedro Sanchezen Gobernuak horretarako baimenik ez ematea. «Ezin dugu denbora gehiago itxaron irekitzeko eta normaltasuna berreskuratzeko», esan du asteazken goizean.

Isabel Diaz Ayuso Erkidegoko presidenteak, bere aldetik, irratiko elkarrizketa batean nabarmendu zuen fasez aldatzeko ZIUko oheak murriztu beharko lituzketela, eta iragarri zuen hori «egun hauetan» lor zezaketela.

Hala ere, asteazken honetan Kataluniako Biologia Elkarteak (SCB) antolatutako Koronabirusaren Ikerketarako Sinposio Birtualean parte hartu duten zenbait adituk uste dute Bartzelona eta Madril nekez pasatuko direla Gobernuak planteatutako eta maiatzaren 11rako aurreikusitako deseskalatze planaren 1. fasera.