40 urte dira Mari Jose Bravo donostiarra, 16 urte zituela, bortxatu eta hil zutenetik
1980ko maiatzaren 8an Mari Jose Bravoren gorpua aurkitu zuten, kolpez josita. Hil aurretik bortxatu egin zuten Loiola auzoko gaztea, 16 urte zituela. Bezperan, haren bikotekide Javier Rueda ere bortizki kolpatu zuten. BVEk hartu zuen bere gain gertatutakoa.
Maiatzaren 8an 40 urte beteko dira Mari Jose Bravoren gorpua Loiolako kuarteletik gertu topatu zutenetik. 16 urte zituen eta hil aurretik bortxatu egin zuten. BVEk bere gain hartu zuen heriotza, Bravok ETArekin lotura zuela argudiatuz.
40 urte igaro dira eta hilketa hori zigorrik gabe dago oraindik. Areago, sekula ez da ikertu ere egin, eskuin muturreko eta Estatuko polizia indarrek eragindako beste hainbat kasurekin gertatu den bezala. Haren iloba Zuriñe Bravok iaz ‘La Sexta Columna’ telebista saioan gogoratu zuenez, «ez zen ezer egin». «Frogak egon bazeuden, arropa bazegoen; hori guztia Amarara eraman zen, Gobernu Zibilera, eta bertan desagertu zen», nabarmendu zuen Zuriñe Bravok.
Horixe bera esan zioten, hain zuzen sendiari, frogak desagertu zirenez, ez zegoela ezer egiterik.
Ofizialki ezer egin ez bada ere, gertakari lazgarri honen xehetasunak ezagunak dira, ikerketa batzorde batek auziaren inguruko testigantzak bildu zituelako txosten batean. Bertan azaltzen denez, Javier Rueda mutil-laguna mutualitatera lagundu zuen Bravok, lan istripu baten ondorioz sendaketak egin behar zizkiotelako.
Handik bueltan, erasotzaileek gizona bortizki jipoitu zuten. Garezurra hautsi zioten, eta eskuineko hezur parietala hondoratu ondoren, konortea galdu zuen. Moja batek artatu zuen lehenik eta, anbulantzia bat lortzerik izan ez zuenez, autoz eraman zuen ospitalera, larri.
Bravoren senide, lagun eta auzokideak, Javier Rueda aurkitu zuten zonaldean hasi ziren gazte donostiarraren bila, baina gau hartan eta hurrengo goizean ez zuten arrakastarik izan.
Arratsaldeko 14.25ean, Radio San Sebastianek esan zuen Bravo lagun baten etxean zegoela, nahiz eta gero jazotakoak argi eta garbi frogatu zuen gezurra zela.
Arratsaldeko lauretan, ahots ezezagun batek Bravo balitz bezala bere etxera deitu zuen ordu beretsuan, polizia batek aurkitu zuen haren gorpua, Loiolako auzoan, Rueda zaurituta topatu zuten tokitik 200 bat metrora.
Hurrengo egunetan protesta ugari egin ziren jazotakoa salatzeko, eta haietako askoren aurka oldartu zen Polizia, ke-potoak ere erabiliz.
Mari Jose Bravoren hilketa salatzeko manifestazio bat. (Javier GALLEGO)
Sexu-indarkeria, gerra zikinerako arma gisa
Mari Jose Bravoren kasua ez da gertakari isolatua, inondik ere. Urte bereko urtarrilean, esaterako, GAE (Grupos Armados Españoles) talde parapolizialeko kideek Ana Tere Barrueta bortxatu eta hil zuten, Loiun, 19 urte zituela.
Bi gertakariok eta beste hainbat aipatu izan ditu Iñaki Egaña historialariak azpimarratzeko sexu-indarkeria gerra-arma gisa erabili izan dutela Estatu aparatuek guda zikinerako.