INFO

Hondakin-uren analisiak Covid-19aren berragertze bat antzeman dezakeen ikertzen ari da Gasteiz

Udalerri bateko hondakin-uren analisiak kasu berriak baieztatzen hasi aurretik Covid-19aren berragertze bat antzeman dezakeen ikertzen ari dira Gasteizko Udalak koordinatzen duen ekimen bati esker. Krisialdian biztanleria nola elikatzen ari den eta antidepresibo gehiago kontsumitzen dituen jakitea ahalbidetuko luke ere.

Krispiñanako araztegia. (EDAR CRISPIJANA)

Gasteizko Udaleko Osasun Arloak koordinatzen du Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko, Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuko eta Arabako Aldundiko ikertzaileak inplikatuta dauden ekimena.

Proiektu honen lehen urratsa Gasteizko Krispiñako araztegian laginak hartzen hastea izan da. Hemendik gutxira, laborategietara bidaliko dira analisiak hasteko. Estatu espainoleko eta Europako beste leku batzuetan ere egin da, Holandan, esaterako.

Jonatan Moreno Gasteizko Udaleko Osasun Saileko koordinatzaile nagusiak Efe albiste agentziari azaldu dionez, koronabirusaren bilakaera marraztu nahi dute, lehen sintomak agertu baino lehen kutsadurak areagotzen diren antzemateko historikoa izan, hain zuzen ere.

Baina ez hori bakarrik, eta hor datza proiektu honen berritasuna eta «balio diferentziala» ere. Gasteizko farmakokutsadura-maila ezagutu nahi da, munduan sortzen ari den arazoa baita, eta herritarrek osasun-krisi honetan dituzten elikadura-ohiturak.

Adibidez, depresioaren, antsiolitikoen edo drogen kontsumoa handitzen ari den ala ez ikustea, edo herritarren elikadura nolakoa izaten ari den, alkohol gehiago edaten den, adibidez, azaldu du Morenok.

Horrela, birusak hurrengo asteetan edo hilabeteetan gora egingo duen jakin ahal izango lukete, baina, horrez gain, gomendioak eman ahal izango lizkiekete herritarrei osasun publikoaren ikuspegitik.

«Zuhurtziaz jokatu behar da»

Morenok azpimarratu duenez, azterketa hirukoitz horrek balio handia ematen dio proiektuari, baina «zuhurtziaz jokatu behar da», eta ez da itxaropen faltsurik sortu behar, oraindik ez baitakite kasuak areagotu baino lehen azkenean koronabirusak gora egingo duen ala ez.

Esan duenez, diziplina anitzeko talde «oso indartsua» ari da lanean proiektuan; epidemiologoak, farmazian adituak eta osasun publikoan adituak, besteak beste, eta azterketari ikuspegi zabalagoa emango diote, konfinamenduan zehar herritarrei gertatzen ari zaiena ikusteko.

Morenok azaldu du lehenik eta behin laginak biltzeko protokolo bat ezarri zutela: zer ontzitan, zenbat denboran behin eta nola izoztu behar diren, hori baita birusa kontserbatzeko modurik onena.

Gaineratu duenez, joan den astetik Krispiñako ur zikinen laginak biltzen ari dira bi egunean behin, eta hilabete honetan jada laborategietara bidali nahi dituzte, analisiekin has daitezen.

Laborategi bakoitzak gauza desberdin bat egingo du, hau da, batzuk farmaziarekin eta osasunarekin lotutako datuak aztertuko dituzte, eta beste batzuk koronabirusaren mailei buruzkoak.

Aurreikusitako proiektua

Udaleko Osasun Arloak proiektu hori martxan jarri zuenean Gasteizko farmakokutsaduraren gaiari zuzenduta zegoen, baina gelditu behar izan zen pandemiarengatik.

Orduan, sustatzaileek hasierako helburua zabaltzeko aukera proposatu zioten Udalari, eta hondakin-ur horietan Covid-19k zuen presentzia aztertzera bideratu zuten, Holandan ildo horretan lanean ari zirela jakin zutelako, eta emaitzak lortu zirelako.

Orain ikusi beharko da nola garatzen den proiektu hau eta, azkenean, alerta goiztiarra den koronabirusari aurre egiteko.