Txabi Etxebarrietaren familiak tramiteei ekin die «giza eskubideen urraketa aitortzeko»
Txabi Etxebarrietaren familiak jakinarazi du izapideak hasi dituela aitortza eskaera aurkezteko Lakuaren uztailaren 28ko 12/2016 Legearen baitan. EAEko motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen die lege horrek.
Txabi Etxebarrietaren familiak ohar baten bidez jakinarazi du izapideak hasi dituela aitortza eskaera aurkezteko Lakuako Gobernuaren uztailaren 28ko 12/2016 Legearen baitan. EAEko motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen die lege horrek.
Familiak aktiboki parte hartzen du Egiari Zor Fundazioaren dinamikan, estatuen indarkeria jasan duten biktimen eskubideen defentsan lan eginez.
Eskaera honen helburua da «aitortzea Txabi Etxebarrietak giza eskubideen urraketa jasan zuela, eta biktima gisa aitortua izan dadila, betiere eskaeren nondik norakoak ikertzeko ardura duen Balorazio Batzordea osatzen duten adituek hala irizten badiote».
Bi arrazoik bultzatuta
Bi arrazoi nagusik bultzatu dute familia prozesu hau hastera: batetik, Lakuak bizitzeko eskubidearen urraketei buruz 2016an argitaratu zuen ‘Memoriaren udal erretratuak’ txostenak, Txabi Etxebarrietari zegokionez, honako hau zioen: «Nahikoa argitu gabeko kasua da, eta gertatutakoaren inguruko bertsio kontrajarriak daude».
Bestetik, 50 urtean lehenengoz, familiak orain arte ezezaguna zen dokumentazio ofiziala eskuratu ahal izan du eta, haien ustez, honek kasua argitzen lagundu dezake, beti defendatu duten norabidean: «Txabi menderatu eta armagabetu ondoren, exekutatu egin zutela».
Dokumentazio hori aitortza eskaerari erantsiko zaio, ondoren Balorazio Batzordeak azter dezan.
Hortaz, 50 urte baino gehiagoren ostean, Txabi Etxebarrietaren familiak 1968ko ekainaren 7an Benta Handin gertatutakoari buruzko dokumentazio ofiziala «behingoz aurkeztu dezake, posible izan dadin prozesu berri bat abiatzea gertatutakoaren egia ezagutzeko eta jasandako giza eskubideen urraketa aitortzeko», Egiari Zor Fundazioak nabarmendu duenez.