INFO

Mutriku eta Ondarroan nahasmena da nagusi irizpideen aldaketek eragindako ziurgabetasunagatik

Lehen fasea deitu zaion egoerara urratsa egin du Hego Euskal Herriak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lehen fase izendapena handiegi geratu den arren. Herritarrak zeharo nahastuta agertu dira Mutriku eta Ondarroa arteko mugan, Gipuzkoa eta Bizkaia banatzen diren lurretan. Ondarroako alkate Zunbeltz Bedialaunetak argibide batzuk eman ditu. Eibar eta Ondarroako Ertzaintzatik irizpide ezberdinak igortzen dabiltza.

Saturraran eta Arrigorri hondartzak batzen dituen ibilbidea. (NAIZ)

Eibar eta Ermua arteko muga –eta tartean dagoen Zaldibarko auzo bat– salbuespen argi gisa nabarmendu zuen Lakuako Ekonomia Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak. Bata Gipuzkoa eta bestea Bizkaia izanagatik aplikatu beharreko neurriak samurtu dituzte kasu horretan eta astelehen honetan, erretiratuen ordu tartean, hainbat herritar aritu dira bi herriak batzen dituen paseoan.

«Ordubetean ibil naiteke herri batetik bestera», zehaztu du Ermuan bizi den eibartar batek. Ermuako herritarrak Eibarko ospitalera joan ohi dira eta beraz, hori baimenduta dago, baita senitartekoak bisitatzea ere. Ziur agertu da ermuar bat hori kontatzean.

Gauzak argi daudela dirudien mugatik beste muga batera jauzi eginez gero, nahasmena izugarria da. Mutriku eta Ondarroa arteko muga –hau ere Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko muga izanik– ez zuen aipatu Tapiak salbuespenen artean eta astelehen goizean ziurgabetasuna erreala izan da bi herrietako biztanleengan, batez ere, senitartekoak bisitatzeari dagokionez.

Orain arte, Saturraran (Mutriku) eta Arrigorri (Ondarroa) hondartzak batzen dituen paseoko hesia itxita egon da. Astelehen honetan irekita aurkitu dute zenbait ondarroarrek. «Nik irekita zegoela aprobetxatu dut supermerkatura etortzeko», kontatu dio NAIZi ondarroar batek. 

Mutrikuko lurretan dagoen supermerkatua zalantzaz beterik zegoen astelehen goizean. Ondarroako biztanleek ez dute argi bertan erosketak egin ditzaketenik «baina egunotan ondarroarrez beteta egon da». Batek ziurtatu du, Ertzaintza eta Udaltzaingoaren esanetan, ez dagoela baimenduta, herrian bertan elikagaien denda nahikoa badaudelako.

Mutrikun bizi den ondarroar batek bere zalantza igorri du –sortu den giroa nahasmenaren adibiderik argiena izan da–: «Joan naiteke nire ama bisitatzera?». 90 urte ditu bere amak eta ez dauka argi joan daitekeenik. Ez da kasu bakarra, Mutriku eta Ondarroa artean harreman sozial handia baitago.

Alkatearen argibideak

Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea da eta berak ere ez dauka argi senitartekoak bisitatu daitezkeenik. Dena den, Aldizkari Ofizialean jasotzen den legez, baimenduta legoke senitartekoak bisitatzea.

«Jarduera sozioekonomiko» gisa, Mutrikuko lurretan kokatua dagoen supermerkatura joatea baimenduta dagoela ziurtatu du.

Nahasmen handiko egunak izan direla jakinarazi dio NAIZi eta horixe bera baieztatu du Mutrikuko alkate Joseba Palenzuelak. Eibarko Ertzaintzatik argi adierazi diote posible dela mugen arteko harremana; Ondarroako Ertzaintzatik, aldiz, aurkako mezua igorri diote: «Esan didate Eibar eta Ermua herri bateratu bezala hartzen dutela; ez, ordea, Mutriku eta Ondarroa».  

«Larunbatetik zain geunden argitalpena gaur jaso dugu», adierazi du Bedialaunetak. Egun batetik bestera gauzak aldatzen joan direla iruditu zaie, anabasa handiagoa sortuz. Uste du asteburuan sortu diren hainbat protestak eragina izan dutela irizpideak moldatzeko orduan.

Zalantzak argitze aldera adierazi du astelehen honetan edukitako bileran –EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratutako irizpideetan oinarritutakoa– Mutriku eta Ondarroa herri mugakideak direnez, baimenduta dagoela bien arteko muga igarotzea: «Lakuaren irizpideetan jasotzen da mugakideak diren herrien artean ibili daitekeela, ez du zehazten probintzia desberdinetakoak izan behar diren edo ez». Hau da, ondarroar bat Mutriku eta Berriatuara joan daiteke; Markinara ez. Eta mutrikuar bat, Ondarroa eta Debara joan daiteke; Mendarora ez. Bestela esanda, Mutriku eta Ondarroa mugakide dira, herrialde ezberdina izatearen gainetik.

Zirrikitu hori baliatuta, hain zuzen ere, erabaki dute astelehen honetatik aurrera oinezkoentzako itxita egon den hesia guztiz irekitzea. Aipatu du ondarroarentzat oso garrantzitsua dela Arrigorri eta Saturraran arteko ibilbidea, herria bera oso txikia delako eta hala, herritarren arteko kontaktua asko murriztu daitekeelako. «Sakabanaketarako gune» bezala izendatu du Bedialaunetak. Hala ere, hesia zabaldu badute ere, zentzuarekin jokatzeko eskaria luzatu nahi izan du.

Kasuistika ezberdina

Bestalde, aipatu bi mugen arteko kasuistika oso ezberdina da. Hau da, Eibar eta Ermua elkartzen dituen ibilbidea eta Ondarroa eta Mutriku elkartzen dituena ez dira gauza bera. Batak, lehenengoak, bi herriak bete-betean elkartzen ditu; hau da, herriguneak elkartzen ditu.

Besteak, aldiz, Mutrikuko herrigunetik nahiko aldenduta dagoen hondartza elkartzen du Ondarroarekin. Gainera, hor dagoen auzoko –Pikupe– bizilagun askok Ondarroan egiten dute ohiko bizimodua.