Zerga-sistema «bidezkoago» bat proposatuko die LABek Hego Euskal Herriko foru erakundeei
Egungo fiskalitatea «etikoki onartezina, ekonomikoki justifikaezina eta sozialki jasanezina» dela iritzi du LABek, lan-errentek eta kontsumoak jasaten duten ahalegina ez baitator bat enpresa-etekinak, kapital-errentak eta aberastasuna zergapetzen dituen «fiskalitate murritzekin».
Hego Euskal Herriko foru erakundeetan aurkeztuko duen zerga-erreforma proposamenaren berri eman du astelehen goizean LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk. Hiru helburu jasotzen ditu sindikatuaren proposamenak: diru-sarrera publikoen bolumena handitzea, funtsezko zerbitzu publikoak blindatzeko; zerga-ekitatea eta zerga-progresibotasuna bermatzea, aberastasun gehien metatzen dutenek eta diru-sarrera handienak dituztenek ekarpen handiagoa egin dezaten eta zerga-sistemak desberdintasunak murrizteko eta pobreziaren aurka borrokatzeko duen banaketa-gaitasuna hobetzea.
Helburu horiek finkatzeko egungo zerga-sistemari buruzko azterketa bat ondu du LABek, eta «behin-betiko» aldaketak behar dituela ondorioztatu du, ez soilik alarma egoerak iraun bitartean aplikatzekoak, egungo fiskalitatea «etikoki onartezina, ekonomikoki justifikaezina eta sozialki jasanezina» dela iritzi baitu sindikatuak. Izan ere, nabarmendu dute lan errentek eta kontsumoak jasaten duten «gehiegizko» ahalegin fiskala ez datorrela bat enpresa-etekinak, kapital-errentak eta aberastasuna zergapetzen dituen «fiskalitate murritzarekin».
«Hain zuzen ere –irakur daiteke LABek prestatutako txostenean–, enpresa- eta kapital-errentek eta ondasun handiek ogasun publikoei egiten dieten ekarpen urria gaizki diseinatutako zerga-sistema bidegabe eta erregresiboaren isla da».
Hartara, fiskalitate «bidezkoago eta birbanatzaileago» bat proposatuko die Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako foru erakundeei. «Hildakoen kopuru handia eta pertsonen osasunean eragindako kalteaz gain, pandemiaren hedapenak ondorio larriak ditu ekonomian, lan munduan eta jendeartean. Bi kasuetan, pertsonak babestea izan behar da lehentasuna. Bizitzak salbatzeko, osasuna zaintzeko eta diru-sarreren iturria galdu dutenei edo zaurgarritasun-egoeran daudenei ongizate-maila egokia bermatzeko», agertu du Garbiñe Aranburuk.
«Erronka zerga-sistema indartzea eta oinarri sendoak ezartzea litzateke, ekonomia eta jendartea berreraikitzeko. Horretarako, gehiago eta modu progresiboagoan biltzeko aldaketa proposamena egin dugu, printzipio hau oinarri: aberastasuna izatea gaitasun ekonomikoaren ageriko adierazpena da eta, hori horrela izanda, zergapetu egin behar da», adierazi du LABeko idazkari nagusiak.