Urruntzearekin amaitu eta presoak lehenbailehen gerturatzea exijitu dute Etxeratek eta Sarek
Espetxe Zaintzaren Idazkaritza Nagusiak presoen komunikazio eta bisitetarako baimenak berreskuratuko direla jakinarazi ostean, Etxerat eta Sare haserre agertu dira, euskal preso politikoentzat eta haien senideentzat egoera ez delako aldatuko. Urruntzearekin bukatu eta lehenbailehen Euskal Herrira gerturatzeko aldarrikatu dute.
Etxeratek eta Sarek ohar bana kaleratu dute, Estatuko Aldizkari Ofzialak atzo presoen komunikazio eta bisiten inguruan argitaratu zuen aginduaren harira. Kezkatuta eta haserre agertu dira, euskal presoen kasuan egoera ez delako aldatuko eta urruntze politikaren ondorioz ezin izango dituztelako bisitak berreskuratu.
Barne Ministerioaren zirkularrak jasotzen duenez, deseskalatzearen 1. eta 2. fasean dauden lurraldeetako espetxeetan baimenduko dira bisitak. Gainera, kartzela hartzen duen probintzia beretik abiatu ahalko dira soilik senide, lagun edota abokatuak bisita egitera.
Eta nahiz eta euskal preso ia guztiak 1. fasean dauden lurraldeetan egon, martxoaren 14tik dauden egoera berean jarraituko dute, alegia, bisitarik gabe.
Sarek eta Etxeratek gogora ekarri dutenez, gaur egun hiru preso besterik ez daude Hego Euskal Herriko espetxeetan, Araban zehazki. Beraz, agindu berriaren arabera, herrialde horretan bizi diren pertsonek bakarrik bisitatu ahal izango dituzte.
Espaniar Estatuan dauden 195 presoak senide eta gertukoengandik 400 eta 1.100 kilometro arteko distantziara urrunduta daude. Frantziar Estatuari dagokionez, astean ordubeteko bisita bakarra jasotzeko aukera izango dute, betiere espetxetik 100 kilometrora baino gutxiagoko distantziatik bidaiatuko duen kide bakarrarekin.
Presoen senideak bisita horiek egin ezinik geratzen dira. Ez da aurrerapausurik euskal preso politiko eta beren senideentzat», ondorioztatu dute Etxeratek eta Sarek.
Sarek nabarmendu duenez, «bizikidetzan aurrera egiteko», egoera horrek «irtenbide logikoa» izan deza. «200 preso inguruko kolektiboaz ari gara, eta erabaki horrekin ez zaie errespetatzen beste preso batzuekiko berdintasun-printzipioa. Senideak 1. fasean dauden probintzietan dauden espetxeetara joateak ez dakar desplazamendu masiborik eta, horregatik, probintzien arteko mugikortasuna eragozteko helburua ez da kaltetzen desplazamendu horiek baimenduz gero», defendatu du.
«Nahikoa litzateke atzo aurkeztu zuten jarraibidea aldatzea», aldarrikatu du.
Ildo horretan, Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiari salbuespen neurriekin eta, bereziki, urruntze politikarekin amaitzeko exijitu diote, politika horrek «beste behin ere erakusten baitu euskal presoei eta, bereziki, haien senideei ezarritako zigor erantsia».