INFO

Bilboko Konpartsek Aste Nagusiaren inguruan Aburtok izandako jarrera salatu dute

Bilboko Konpartsek ohar baten bidez salatu dutenez, Bilboko Udalak ez ditu kontuan hartu Aste Nagusia bertan behera uzteko orduan. «Modu bertikalean erabaki du, goitik behera, betidanik lanean gabiltzan eragileak kontsultatu eta informatu gabe», diote.

Aste Nagusia 2018, jaien hasiera. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Bilboko Konpartsek adierazi dutenez, hedabideetan zabaldu baino minutu batzuk lehenago komunikatu die Bilboko Udalak Aste Nagusia bertan behera utziko duela aurten. «Tristetu egiten digun albistea dela, bai edukiagatik eta baita formagatik ere».

Konpartsek diotenez osasun-alerta martxan ipini zenetik Aste Nagusian lan egiten duten kolektibo denei deia egin diete «inoiz baino gehiago» elkarlanerako, baita Udalari, alderdi politikoei eta eragile sozial, kultural eta ekonomikoei.

Horregatik, Udalak Aste Nagusia bertan behera uztearen erabakia hartzeko modua ez dutela ulertzen adierazi dute: «Zoritzarrez ikusi dugu elkarlanean eta era horizontalean lan egin beharrean, politikariek eta instituzio arduradunek nahiago izan dute erabakiak modu bertikalean erabakitzea, goitik behera, betidanik lanean gabiltzan eragileak kontsultatu eta informatu gabe, errealitatetik urrun».

Aste Nagusiaz aparte, auzoko jaiek oraindik zain jarraitzen dutela gogoratu dute. Izan ere Auzotarrok, Bilboko jai batzordeen koordinakundeak, bilera bat eskatu zion Udalari horri buruz hitz egiteko, eta aste bat geroago oraindik ez dute erantzunik jaso.

«Jaien inguruko eztabaidatik baztertu dituzte eta gaituzte jai herrikoiak antolatzen ditugun herritar eta auzotar guztiok», diote Bilboko konpartsek.

Hala ere, Bilboko Konpartsek Aste Nagusiarekiko ilusioa galtzen ez dutela adierazi dute: «Joan den urritik genbiltzan lanean Aste Nagusi hau prestatzen, eta dagoeneko lanean gabiltza aurtengo Aste Nagusiari ipinitako betoaren aurrean, bilbotarrek eta bizkaitarrek duten ilusio- eta alaitasun-grinari erantzuteko».

Datozen egun eta asteotan informazio gehiago emango dutela adierazi dute.