Datu orokorrek hobera egiten jarraitzen dute, baina apur bat mantsoago
Oso zaila da eguneko datuen analisi hotza eskaintzea, hainbeste izanda erraza delako norberak bilatzen duena topatzea. Baita aldarteak eskatzen diona aurkitzea ere. Edalontzia erdi betea ikusi nahi duenak ZIUei erreparatu ahal die: 76 lagun daude bertan Hego Euskal Herrian. Martxoaren 20ra arte jo behar dugu halako zifra baxua topatzeko. Edalontzia erdi hutsik ikusi nahi duenak, ordea, ez du zertan ospitaletik atera, azken zazpi egunetan 227 lagun ospitaleratu behar izan baitira, gehienak EAEn (197) koronabirusak jota.
Aurreko astean pixka bat gehiago izan ziren (236); beraz, bilakaera ona mantentzen da, baina ospitaleratu berrien zifrak altu segitzen du, birusaren transmisioa eten ez dela gogoraraziz. Agian, hau da azken egunetako zifren laburpen zintzoena: eboluzioa positiboa da, adierazle gehienek hobera egin dutelako, baina joera moteldu dela dirudi.
Heriotzak dira horren adibide: azkenengo zazpi egunetan 89 lagun hil dira Hego Euskal Herrian, aurreko astean baino %23 gutxiago. Joera positiboa da, beraz, baina kontuan hartu behar da aurreko bi asteetan jaitsiera hori %36an eta %35an kokatu zela, hurrenez hurren. Alegia, joera positibo hori mantsotu egin da. Gauza bera gertatzen da ospitaleen okupazio datuekin.
23 egun atzera
Garrantzitsua da datuak egutegiaren perspektibarekin begiratzea, jada denok dakigunez, gaurko datuek ez digutelako esaten nolakoa den egungo egoera, duela egun batzuetakoa baizik. Heriotzen kasuan, literatura zientifikoaren arabera, 23 egun igarotzen dira, batez beste, pertsona bat koronabirusarekin kutsatu eta hiltzen den arte. Alegia, maiatzaren 6tik 13ra arteko heriotzak (ditugun azkenengoak) apirilaren 13tik 20ra egon ziren kutsatzeei buruzko informazioa ematen digute.
Aste hura izan zen, hain zuzen, ezinbestekoak ez diren zenbait jarduera ekonomiko, gehienbat industria arloan, berriz martxan jarri ziren astea. Gogoratu behar da, dena den, erabateko itxialdia erlatiboa izan zela, bereziki EAEn –patronalaren eta Lakuaren presioaren eraginez–, eta berpiztea ere mugatua izan zela, industria askok itxita jarraituko zutelako –Mercedes eta Volkswagen, esate baterako, beranduago hasi ziren berriz martxan–.
Gauzak horrela, aipatutako heriotzen zifrak aintzat hartuta, ondoriozta dezakegu lanera buelta partzial hark ez zuela eragin kutsatzeen igoera bat, gertatu zitekeen bezala. Baina ez dirudi guztiz egia, egun hauetan entzun denaren kontra, jarduera ekonomikoan aldaketa hark eraginik izan ez zuenik, aurreko asteetan hobea zen joera moteldu zuela dirudielako. Tamalez, inoiz ez dugu jakinen itxialdi zorrotza mantenduz gero joera positiboaren abiadura mantenduko zen edo ez.
Zenbakien desagertzea
Joera positiboa izateak ez du esan nahi alerta mantentzeko arrazoirik ez dagoenik. Adierazle kezkagarriena kutsatze tasa da (Rt); alegia, infektatu batek zenbat lagun kutsatzen dituen kalkulatzen duen zifra. Bat zenbakiaren langa gainditzen badu, berri txarrak. EAEn bost egun daramatza igotzen zenbakiak, 0,57tik 0,85era. Ez hori bakarrik, maiatzaren 8ra arte Lakuak herrialdeka eskaintzen zuen Rt-a; egun hartan Arabak eta Gipuzkoak 1eko langa pasa zuten, eta orduz geroztik ez dituzte zifrak herrialdeka jakinarazten.
Atzo ere sendatu ez direnen zifra desagertu zen Lakuaren txostenetik –aurreko egunean igo eta gero–, hala nola herriz herriko informazioa. Osasun Sailetik GARAri esan ziotenez, berrikuntzak egiten ari dira txostenean eta hurrengo egunetan eskainiko dituzte berriz zifrak.