Ikastolen Elkarteak beharrezkotzat jotzen du kaltetutako ikasleengan zentratutako ikasturte amaiera
Hamaika Telebistari eskainitako elkarrizketa batean, Koldo Tellitu lkastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu du ikasturtearen amaiera, adin-tartean baino gehiago, egoera zaurgarriak bizi dituzten ikasleei begira zuzendu behar dela. Hala ere, ikasturtea amaituta dagoela eta begirada hurrengo ikasturtean jarrita egon beharko lukeela adierazi du.
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak hezkuntza komunitateak klaseetara itzultzeari buruz dituen kezkak aztertu zituen Hamaika Telebistan, baita ikasturtea aurrera ateratzeko izan dituzten zailtasunak ere, eta datorren ikasturteari begira lanean hastea beharrezkoa dela azpimarratu zuen ere.
Tellituk aitortu zuen ez dela «erraza» izan etxetik lanera egokitzea, nahiz eta online lana ikastoletan ezarrita zegoen tresna bat izan. Hala ere, bere ustez, «ez da gauza bera egitea normaltasun egoera batean edo konfinamenduan». Lan ikuspegitik, langileentzat «konplikatua izan dela» nabarmendu zuen, eta «hezkuntzako langilek sekulako lana» egin dutela azpimarratu zuen.
Azken egunetan eman diren berrien inguruan, «nahasmen handia» dagoela esan zuen Tellituk hezkuntza komunitatearen artean. Hezkuntza-zikloa amaitzen duten ikasleek ikasgeletara itzuli behar duten ala ez ikastetxeek erabaki beharko dute eta horretarako Tellituk eskolen segurtasun neurriak «Eusko Jaurlartizak bere gain hartu» behar ditula adierazi zuen, gero ikastolen delegatuekin aztertu eta egokitzeko.
«Neurri horiek nahikoak badira, aurrera joko da, eta momentu horretan erabaki beharko du ikastetxe bakoitzak zeintzuk izango diren bueltatuko diren mailak, zertarako eta zer helbururekin», gaineratu zuen.
Ildo horretan, Ikastolen Elkarteak planteatzen duen buelta «errefortzu lana egiteko edo kurtsoa normaltasunez bururtu ezin izan dutenei laguntzeko» izango da «luze jota». Izan ere, Tellituk bukaera honetan adin-tartean baino, egoerarik zaurgarrietan dauden ikasleengan harreta jarri behar dela azpimarratu zuen.
«Martxoak 12tik deskonektatua egon dira ikasle batzuk eta ez baditugu gauzak aldatzen urte erdia egongo dira ezer egin gabe, eta hori dramatikoa da», adierazi zuen Tellituk. Egoera horiek «ikastetxe guztietan» gertatu direla azaldu zuen eta arlo teknologikoa eta emozionala desberdintasun horren kausatzat jo zuen. Arrakala soziala gehiago ez handitzeko, ikasle horiengan «arreta berezia» jarri behar dela errepikatu zuen.
Hurrengo kurtsoari begira
Egoera horiek eta aurten selektibitatea duten ikasleen egoerak gorabehera, Tellituk ia amaitutzat eman zuen ikastaroa «ikuspegi kurrikularretik» eta begiak hurrengo kurtsoan ipini behar direla azaldu zuen.
«Maila askotan pentsatzen ari garena da nola eman agurra kurtsoari. Arlo emozionalean, oso garrantzitusa da irakasle eta langileek ikasleekin amaiera polit bat egitea», azaldu zuen.
Hurrengo ikasturterako plan ezberdinak aurreikusi behar dituztela azaldu zuen, baina egun hauetan «zarata izugarria» egon dela aipatu zuen, hezkuntza prozesuak behar duen lasaitasunetik urrun.
«Ez dakigu zer gertatuko den baina plan asko beharko ditugu. Lasaitasun gehiago beharko dugu. Hezkuntzak aldaketa sakonak izango ditu eta zurrunbilo honetan satuta oso zaila da gelditzea eta hurrengo kurtsoari begira egotea. Hori faltan botatzen dut», adierazi zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak.