INFO

Aforismoei heldu die Juan Kruz Igerabidek ‘Noiz arte arrazoi’ liburu berrian

Aforismoekiko lilurari heldu dio Juan Kruz Igerabidek ‘Noiz arte arrazoi’ (Alberdania) liburuan. Koldobika Jauregiren tinta beltzeko irudiez horniturik, egia «absolutuak» kolokan jarri eta aforismoen beraien gaineko gogoeta egiten du idazle adunarrak.

Juan Kruz Igerabide, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Badira 35 urte Juan Kruz Igerabideri aforismoekiko lilura ernatu zitzaionetik, eta orduz geroztik, era batera edo bestera, ez ditu sekula bazterrean utzi. Argitaratuak ditu ‘Sarean leiho’ (1994), ‘Herrenaren arrastoan’ (1998) eta ‘Egia hezur’ (2004) aforismo liburuak eta Alberdania argitaletxearen eskutik ikusi du argia laugarrenak ere, ‘Noiz arte arrazoi’.

Izenburutik bertatik, aforismoen izatearekin berarekin jolas egiten du idazle adunarrak, Adam Zagajewski gogoan: «Berak esaten zuen aforismoak ondo daudela, baina, noiz arte izan dezakegu arrazoi? Horrek bidea zabaldu zidan, aforismoaren egitekoetako bat arrazoiaren mugetan ibiltzea delako: ateratzen du hanka bat eta hor bukatzen da arrazoia, arrazoitik paradoxara doa, eta berriro itzultzen da hasierara. Muga hori adierazi nahi izan dut tituluan», azaldu du Igerabidek obraren online aurkezpenean.

Aforismoak zerrendan ematen ditu Igerabidek, bata bestearen atzetik, inolako sailkapenik gabe. Baina badute logika bat, irakurleak jarraitzen duen arrazoibide lineal bat: «Gizartearen aurreko gogoetak daude, barne gogoeta psikologikoak, espiritualtasunaren ingurukoak... oso modu librean ematen saiatu naiz, jolasean. Aforismo gogoetatsuen artean tarteka badatoz lirikoagoak diren batzuk, testuinguruari lotuak; aforismo lirikoak gogoeta batzuen artean daude eta horrek beste aire bat ematen die, hegaltxoak balituzte bezala», azaldu du.

Aforismoen gaineko gogoetek ixten dute argitalpena, aparteko ataltxo batean: «Aforismoaren historia labur bat da, aforismoz egindako aforismorako hurbilketa», zehaztu du.

Liburuaren osaketan lagun izan du Igerabidek Koldobika Jauregi eskultorea. Tinta beltzeko ilustrazioak sortu ditu alkizarrak, aforismoen osagarri: «Irakurri eta ze sentsazio nituen ikusita osatu ditut, egin heinean joan naiz irakurtzen liburua», zehaztu du aurkezpenean, eta lan honetan parte hartzea «ohore bat» izan dela baieztatu du.

Idazlea eta pentsalaria

Bere aldetik, Jorge Gimenez Bech, Alberdaniako editoreak esa du berak ezagutzen duen «literaturaren maparen kartograforik finena» dela Igerabide, «genero guztiak» landu dituen autorea baita –narrazioa, nobela, saiakera, poesia eta haur eta gazte literatuko lanak argitaratu ditu–: «Idazleak pentsalari bat dauka bere barruan, baina Juan Kruz pentsalariak idazle bat du bere barruan. Ez dakit zeinek jan duen zein, baina biak daude bat eginda bere obran, eta bereziki aforismoetan. Juan Kruzen literarturak, destilazio baten bidez, beti pentsalariaren emaitza ematen du», iritzi du.

Liburuen aurkezpenak distantzian egin beharraz eta orohar pandemiak liburugintzari ezarri dion ataka berriaz ere mintzatu da editorea. «Industria txiki honetan gauzak maldan gora jarri dira eta denon obligazioa da ahal dugun guztia egitea liburuen zirkulazioaren alde», hausnartu du, eta bide horretan asteazken honetan, maiatzak 20, 24 orduz ‘Noiz arte arrazoi’-ren edizio digitala erdi prezioan (4,22 euro) eskuratu ahalko dela iragarri du. «Hau da bide horretan egingo dugun lehen urratsa», esan du Gimenez Bech-ek.