Zortzigarren egunez jarraian ez da heriotzarik izan Gipuzkoako erresidentzietan
Eskoriatzako Jose Arana egoitzan pertsona bati alta medikua eman diote azken orduetan gaixotasuna gainditu duela-eta, eta hamabi dira koronabirus kasu aktiborik ez daukaten zentroak Gipuzkoan.
Gipuzkoako erresidentzietan azken asteko joera positiboa mantendu da asteleheneko datuen arabera. Azken orduetan ez da inor hil Covid-19arekin Gipuzkoako zaharren egoitzetan eta ez da kasu positibo berririk antzeman, zortzigarren egunez jarraian.
Eider Mendoza foru bozeramaileak astelehenean ohar baten bidez jakitera eman duenez, gainera, azken orduetan pertsona bat gehiago sendatu da Eskoriatzako Jose Arana egoitzan. Alta honekin, Jose Aranak ez dauka koronabirus kasu positiborik erabiltzaileen artean.
Gauzak horrela, Gipuzkoako 65 erresidentzietatik hamabitan ez dago koronabirusean positibo eman duen erabiltzailerik: aipatutako Eskoriatzako erresidentziaz gain, Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao eta Eskoriatzako Jose Arana dira kasu positiborik ez duten zentroak.
Hala, osasun krisiaren hasieratik eta gaur arte, orotara 364 adineko pertsonek jaso dute alta medikoa, 167 zendu dira eta 31 pertsonak diagnostiko positiboarekin segitzen dute Gipuzkoako lau adinekoen egoitzatan; hurrenez hurren, %64,8, %29,7 eta %5,5. Guztira, 5.425 plaza daude lurraldeko egoitzen sarean.