Adurizen azken gola Athleticentzat, Euskal Herritik mundura
Adurizen erretiroak nazioarteko komunikabideen arreta piztu du eta Athleticen eredua nabarmendu dute The New York Times edo The Guardian bezalako egunkariek. Aurrelari donostiarrak euskara ardatz hartuta esan zuen agur San Mamesetik eta indar handiko mezuak utzi zituen.
Ederra eta hunkigarria izan zen Athleticek Aritz Adurizi agur esateko San Mamesen antolaturiko ekitaldia. Aurrelari donostiarra taldearen ikurra izan da azken urteetan eta merezita irabazi du omenaldia. Asko hitz egin da erretiroa hartzeko erabaki ostean, kamiseta zuri-gorriarekin egindako goletaz, baina Adurizen garrantzia zelaitik haratago doa. Borrokalaria eta umila dela erakutsi du bere ibilbidean eta agerian utzi zuen Athletic berarentzat talde bat baino gehiago dela.
Nabarmendu behar da lehen hitzartzea osorik euskaraz egin zuela Adurizek. Milaka lagun ari ziren agurra Athleticen youtube kanalean zuzenean jarraitzen. Hizkuntzaren erabilpenaz gain, mezu indartsuak utzi zituen aurrelariak taldekide, entrenatzaile eta klubeko agintarien aurrean.
Hainbat aldiz aipatu zuen aldagelan dagoen kuadrila giroa. 2015ean Superkopa irabazi ondoren, Bilboko Udaletxetik esandako hitzak gogora ekarriz. Gauzak gaizki datozenean ere ez dela amore eman behar esan zuen bere futbol ibilbidean izandako gorabeherak aipatuz.
Baina badago zaleen zirrara handiena eragin duen esaldi bat. Athleticek ere larunbat goiz hontan sare sozialetan berreskuratu duena, taldearen ereduarentzat daukan garrantziarengatik.
Euskadi Irratiko esataria den Haritz Gallastegik galdetu zion zer esango liokeen Chelsea, Manchester, Juventus edo Bayern moduko taldeen eskaintza bat jasotzen duen jokalari bati Athleticen jarraitzeko. Adurizi erantzuna barrutik atera zitzaion: «Zaila da konbentzitzen saiatzea... nik beti esaten dut honengatik borrokatzea mila aldiz nahiago, eta mila aldiz nahiago galdu, sinisten edo bat egiten ez dudan zerbaitekin borrokatzea baino. Nik uste Athletic futbol talde bat eta instituzio bat baino askoz gehiago dela eta egunero erakusten dugula».
️ @AritzAduriz11: "Honengatik borrokatzea mila aldiz nahiago, eta mila aldiz nahiago galdu, sinisten edo bat egiten ez dudan zerbaitekin borrokatzea baino" #BetikoAduriz #AthleticClub 女 pic.twitter.com/ZhTxdGhAx2
— Athletic Club (@athletic_eus) May 23, 2020
Adurizek botatako hari horri jarraituz, The New York Times egunkariko Rory Smith kazetariak Athleticen eredua izan du hizpide larunbat honetako zutabean. Talde zuri-gorriak jarraitzen duen filosofiak nortasun bereizgarria ematen diola klubari globalizazio garai hauetan aipatzen du, nahiz eta jakin txapelketak irabazteko zailtasunak handiagoak izango direla. Ezaugarri horrek taldearen eta zaleen arteko lotura handiagoa sortzen duela dio eta Athleticen eredua ez litzatekeen gainontzeko taldeetara eraman beharko galdegiten du.
Erretiroa iragarri baino egun bat aurretik, Adurizen ibilbidearen inguruko albistea argitaratu zuen kazetari berak egunkari berdinean. Ez da izan bakarra. The Guardian egunkariko Sid Lowe-k ere idatzi du donostiarraren agurraren inguruan, goraipatuz urteak igaro ahala gero eta jokalari hobea izan dela.
Italia aldean ere Athleticen filosofiaren inguruan ere albisteak zabaldu dituzte interneten Goal webgunean. «Herri bat, nazio bat, talde bat: Athleticen filosofia» da izenburua. Klub zuri-gorriak ere batu ditu webgunean Argentina, Brasil, Mexiko, Portugal edo beste herrialde batzutan jasotakoak.
2012an Bielsak zuzentzen zuen Athleticek naziortean izandako oihartzuna ekartzen du gogora gertatutakoak. Europa League-ko finalera heldu edo Old Trafford zelaian emandako erakustaldia oraindik memorian gordeta dute futbolzale askok.
Lesio larri baten eraginez izan bada ere, eta koronabirusak eragindako egoera ez ohiko honetan, Adurizen agurra aurrelariaren azken gol baten modukoa izan da Athleticentzat, Euskal Herritik mundura zabaldu baitu klubaren eredu eta filosofia.